Denetariko gaiak, ostegunerako deitu duten udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 25a, 09:04

Kolonbia eta Palestinako egoerei lotutako adierazpenak, Puntapax eguneko zentroko eta Artzabalgo tabernaren kontratu luzapenak, zinegotzi berri baten kargu hartzea, 2022rako jai eguna izendatzea... eta gai gehiago hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek, ostegunerako (hilak 27) deitua duten udalbatzarrean.

Maiatzeko azken ostegunarekin batera bueltan izango da hilero moduan, udal ordezkariek herriari begira hainbat erabaki hartzea ahalbidetzen dien udalbatzarra. Datorren saioa, maiatzaren 27an, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan. Nazioartera begira jarrita, Palestinan eta Kolonbian bizi duten egoerari buruzko adierazpen bana bozkatuko dute. Gertuko gaietara etorrita, ongizate arloari dagozkion bi erabaki hartzekoak dira; bi kontratu luzapen hain zuzen. Batetik, Gure Pakea elkarteak Artzabalen duen egoitzako tabernaren kudeaketa zerbitzua emateko kontratu luzapena, baita Kalezarren kokaturiko Puntapax eguneko zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua ematen jarraitzea ahalbidetuko duen kontratu luzapena ere. 

Jai egunaren izendapena
Azken hilabeteko dekretuen berri emateaz gain, dekretu bat berretsi asmo dute osteguneko udalbatzarrean. "A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko exekuzio obra kontratatzeko Administrazio Baldintza Zehatzen Orrietan aldaketa egitea" bozketara eramango dute.

Diru kontuei dagokienez, aurtengo aurrekontu exekuzioaren berri emango dute. Horrez gain, datorren urterako, 2022. urtean izango dugun udalerri mailako jaieguna zein izango den erabaki beharko dute. Eta udal ordezkaritzan aldaketa bat ere gauzatuko da; udal gobernu taldean hain zuzen. EHBilduko zinegotzi Aroa Etxeburua Ugartemendiak berriki utzitako zinegotzi kargua hartuko du Ainhoa Arrozpide Landak.


UDALBATZARRA
Eguna: maiatzak 27, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- Ainhoa Arrozpide Landak zinegotzi kargua hartzea.
2.- 2020/12/23ko bilkurako aktaren onespena.
3.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2021eko apirilaren 26tik maiatzaren 21era (2021/341-2021/449).
4.- 2021 Aurrekontu exekuzioaren berri ematea.
5.- 2021/385 dekretua berrestea:  A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko exekuzio obra kontratatzeko Administrazio Baldintza Zehatzen Orrietan aldaketa egitea.
6.- 2022 urterako herriko jaieguna izendatzea.
7.- Artzabal jubilatu egoitzako tabernaren kudeaketa zerbitzua emateko kontratuaren luzapena.
8.- Adineko pertsonentzako Puntapax eguneko zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontratuaren luzapena.
9.- Kolonbiako egoerari buruzko adierazpena.
10.- Palestinaren egoerari buruzko adierazpena.
11.- Galdera-eskaerak.