USURBIL K.E EUSKADIKO TXAPELDUN

“Klubak esan digu igoera lortuz gero, ekonomikoki bideragarria den proiektua dela Ohorezko Bigarren Mailan aritzea”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 08:45

Usurbil K.Ek ia urterokoa du ligaren bat etxera ekartzea, dena delako mailan. Senior neskek, esaterako, Euskadiko txapelketa irabazi berri dute, eta Ohorezko Bigarren Mailarako jauzia eman dakieken fasea jokatzekoak dira hurrengo asteburuan, ekaineko lehen asteburuarekin bat. Garaipen honek eman dienaz, eta etorkizuneko asmoez aritu dira Noaua!rekin Ane Irazabal, Leire Furundarena eta Estitxu Berasategi jokalariak.

NOAUA! Euskadiko txapeldun izan zarete aurtengoan. Orain igoera fasea jokatzea tokatuko zaizue, pandemiaren testuinguruagatik beste modu batera egingo da edo ohi bezala?

Leire Furundarena: Federazioak aurtengoa ere ohi bezala planteatu du orokorrean. Behin Euskadikoa irabazita Zilarrezko Mailarako igoera fasea jokatuko dugu. Osasun neurriak direla medio, joan aurretik antigenoen testak egin beharko ditugu. Espero dugu positiborik ez dugula izango tarteko, bi jokalari baino ez ditugu uzten aulkian, eta arazo izan liteke. 

Ane Irazabal: Ekainaren 4an, 5ean eta 6an jokatuko da igoera fasea. Gure kasuan, B Sektorean arituko gara Iruinean. Usurbilek ez du eskaera egin bertan joka dadin. Euskadin publikorik gabe ari gara jokatzen partiduak, baina beste leku batzuetan neurri batzuk hartuta publikoarekin egiten ari direla esango nuke. Horrez gain, igoera jokatzen den kiroldegiarentzat gastu ekonomikoa da, eta diru hori errekuperatzeko aukera handirik ez dago orain. Lehen rifak egiten genituen, baina aurten horrek ez dauka zentzurik.

 

Zilarrezko mailan egon zineten duela urte gutxi. Orduko taldea asko aldatu da.

L.F: Bai, ni talde hartan ere izan nintzen. Hiru alditan ibili ginen maila horretara igo nahian, eta azkenean, igoera lortu eta gero, urtebete egin genuen Zilarrezko Mailan, eta hurrengo urtean taldea desagertu egin zen. 

Estitxu Berasategi: Joan zen urtean ere taldea izan genuen, baina ikasketak tarteko, Covidaren eraginagatik eta bestelako faktore pertsonalengatik jende askok taldea uztea erabaki zuen. Horrez gain, igoera fasea ere jokatu genuen, baina alderdi ekonomikoak ez zigun ahalbidetu aurtengoan Zilarrezko Mailan aritzea. Horrek ere eragina izan zuen jokalari askorengan, nik uste. Beraz, denboraldi hasiera oso zaila izan zen, lau bat pertsonak baino ez genuelako izena eman, eta taldea osatzea kolokan egon zen. 

A.I: Datorren urterako animatu nahiko genuke jendea izena ematera, oraindik ez dakigu ziur zein mailatan egongo garen, baina gaudenean gaudela ere ongi etorriak izango dira denak.

 

Aurten ere egoera berdintxuan zaudete. Igoera fasean Zilarrezko Mailarako igoera lortuz gero, esan dizuete maila horretan aritzea posible izango den?

A.I: Klubak esan digu igoera lortuz gero, ekonomikoki bideragarria den proiektua dela Ohorezko Bigarren Mailan aritzea. Lehen aldia dugu puntu honetara iritsita ziurtasun osoz igoera hori egingarria dela esatea, fasea jokatu aurretik. Gero, ez da izango alderdi ekonomikoa soilik, nahiko jokalari bagauden ikusi beharko litzateke. Ohiko baldintzetan alderdi ekonomikoari aurre egitea oso zaila da, orain gauden mailatik hurrengorako jauzia ekonomikoki jipoi handia da klubentzat. 

 

Igoera posible horrek jokalari gehiago erakar ditzakeela uste duzue? Taldetik joan zirenak edo beste leku batzuetatik etorritakoak edo.

A.I: Beste maila batean lehiatzeko aukera izatea amu erakargarria izan daiteke eskubaloia maite duen edonorentzat. Edozeinek ez dauka aukera maila horretan lehiatzeko. Alde txarrak ere baditu, konpromiso irmoa eskatzen baitu maila horretan aritzeak, eta bakoitzak bere %100 eman beharko luke taldea norabait heltzeko. 

E.B: Jende berria animatuko ez balitz arazo izan liteke, oso justu gabiltza jokalari aldetik eta lesiorik tarteko izango balitz, oso etorkizun beltza izango genuke. 

 

Aurtengo denboraldia ere ezohikoa tokatu zaizue. 

A.I: Joan zen denboraldian liga erabat etenda geratu zen. Entrenamenduak utzi behar izan genituen, eta ez genuen aukerarik izan liga amaitzeko. Aurtengo hasiera ere berezia izan da, normalean denboraldia urritik maiatza aldera izaten baita; aurten, berriz, urtarrilean hasi dugu denboraldia. 

E.B: Ligaren funtzionamendua nahiko antzekoa izan da orokorrean, hala ere, Euskadiko Txapelketa talde bakarrean egin beharrean, bi ligatxotan banatu zuten. Hamabi taldeak elkarren aurka aritu beharrean, sei eta sei talderen artean bi ligaxka egin zituzten. Guri oso ondo etorri zitzaigun liga horren berandu hastea, urrian oraindik lau baino ez baiginen, eta pixkanaka geroz eta jende gehiagok eman zuen izena. 

 

Urrirako jakinaren gainean zeundeten momenturen batean liga martxan jartzeko asmoa zegoela?

L.F: Nik uste orokorrean ez zela espero aurten denboraldirik izaterik. 

E.B: Izena emanda geneukanez, entrenamenduak egiten hasi ginen helburu finkorik gabe, dibertimendu modura. Apurka-apurka jende gehiago animatzen hasi zen, eta denboraldia hasterako taldea osatuta geneukan. Txapelketa bera ohiko moduan izan da, publikorik gabe, hori bai, baina gainontzean ohi bezala.

L.F: Bi partida jokatu eta hurrengoa atsedenaldia izan da, Covid-a dela eta partiduren bat jokatzeko aukerarik ezean, tarte hori izanik beste data bat ezarri ahal izateko asteburu libre horretan. 

 

Covidagatik konfinamenduren bat egin behar izan du talde osoak?

L.F: Uste dut bakarrenetarikoak izan garela kasu positiborik izan ez dutenak. 

E.B: Jokalariren bati tokatu zaio etxean egotea, baina ez positiboa zelako, baizik eta kontaktu zuzena izan zuelako. Beraz, taldean ez zuen eraginik izan. Etxean egin zituen egun batzuk eta jokatzera itzuli zen.

A.I: Kasu hauetan taldeko bat positibo izateak denak etxera eramatea dakar, eta asteburuan partidurik jokatu ezin izatea. Guri zorionez ez zaigu halakorik egokitu.