#udalbatzarra

Zinegotzi berria du udalbatzak, Ainhoa Arrozpide Landa

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 11:20

Apirilean Aroa Etxeburua Ugartemendiak utzitako EHBilduren zinegotzi kargua hartu du Ainhoa Arrozpide Landak.

Maiatzaren 26an bete ziren bi urte 2019ko udal hauteskundeak ospatu zirenetik; 2023ra arteko lau urteko legealdia erdibidera heldu den honetan, kargu hartze berri bat izan da udal taldeek ostegun honetan egin duten udalbatzarrean. Apirileko osoko bilkuran, arrazoi pertsonalengatik Aroa Etxeburua Ugartemendiak EHBilduren zinegotziak utzitako kargua hartu zuen atzoko saioan, Ainhoa Arrozpide Landak.

Dion estima handia adieraziz, "militante eta ekintzaile nekaezin" gisa aurkeztu zuen Arrozpide Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. "Usurbil hobea lortzeko zeregin horretan, onena emateko prest" agertzeagatik, bere "konpromiso eta eskuzabaltasunagatik" eskerrak helarazi zizkion. 

Kargua utzitako Aroa Etxeburua ere gogoan hartu zuen alkateak, ezagutu izanagatik zorte oneko agertzearekin batera, "onena opa diogu" adierazi zion. 

Martxa onean datorren trenera
Hitz hauekin bat egin zuen zinegotzi berriak. Bidaia zaletua izanik, "martxa onean" datorren trenera igotzera noa" gaineratu zuen. Oso emankorra izan eta "inor atzean uzten ez duen trena" zela nabarmendu zuen. Geroz eta bidaiari gehiago dituena; Txokoalde eta Santueneko bizilagunak izan zituen gogoan bereziki. Inguruneotatik "herritar gehiago igoko direla dirudi". Udal gobernu taldean, "proiektu, gogo eta anbizio asko" sumatu dituela zioen Arrozpidek. 

Udal gobernu taldeko kide izatea ohoretzat jo zuen arren, "trenaren gidaria", alkatea goraipatu nahi izan zuen, Solaberrietaren esker hitzak bueltatuz. Agurtzanek kargu hartze ekitaldian esandakoekin bat egin zuen Arrozpidek. Legealdiko gidalerro nagusiak ekarri zituen gogora; "behetik gora" lanean aritzea, "Usurbildik Euskal Herriaren norabidean", burujabetzaren bidea jorratuz, feminismotik, justizia soziala ardatz, edota presoak etxeratzearen alde lanean. 

Urduri zela adierazi zuen Arrozpidek, ingurukoek adierazitako babesa gogoan,  "gauzak ondo ateratzeko" saiakera argia egiteko asmoz hartu duela zinegotzi kargua. 

Oposizioko udal taldeei (EAJ, PSE) "eskua luzatzen dizuet" adierazi zien. Eta aipamen berezia izan zuen, EAJ-ko zinegotzi batentzat; osaba duen Carlos Perez Fraisolirentzat. Gai batzuetan ados, besteetan desados egongo diren arren, errespetuz jokatzeko konpromiso irmoa agertu zuen. "Irakasgai bat emateko gai izango garela" uste duela adierazi zuen Arrozpidek. Ongi etorria eman zioten oposizioko udal taldeek.