Koronabirusa

Establezimenduen itxiera eta jardueren amaiera gauerdira arte luzatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 10:48

Indarrean da jada covid19ak eragindako osasun krisialdiari lotuta, Eusko Jaurlaritzak astelehenean onartu zuen dekretu berria. Aldaketa esanguratsuak dakartza; gaurtik (ekainak 2) gauerdira arte zabaldu ahalko dute establezimenduek eta jarduerak ere gaueko 00:00etan amaitzea baimendua egongo da. Azken asteotan 22:00etan zegoen finkatua aipatu "ordu-muga".

Gauerdia, gaueko 00:00ak. Hortxe gaurtik kontuan hartu beharko dugun "ordu-muga" berria. Asteazken honetatik (ekainak 2), koronabirusak eragindako osasun krisialdiari lotuta indarrean izango den Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak dakarren aldaketa nagusia da. Gaurtik, gauerdira arte zabaldu ahalko dira ostalaritza establezimenduak, gauerdira arte luzatu ahalko dira gizarte arloko nahiz kultur jarduerak. Eta gauerdira arte eskaini ahalko dira garraio zerbitzuak. 

Aldaketa gehiago ere badira, hauexek nagusiki:

a) Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 24:00ak arte luzatuko da, dagokion ordutegira doitzea eragotzi gabe, baita goizago ere, ordutegien arauketa arrunta aplikagarria denean. Gaueko aisialdiko establezimenduek, baita elkarte gastronomikoek ere itxita segiko dute.

b) Haur eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten talde egonkorretako pertsonen gehieneko kopurua 10 pertsonatara igotzen da.

c) Museo eta erakusketa-aretoetan, natura-turismoan, eta aisialdiko eta turismoko zentroetan aire zabalean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere 10 pertsonara artekoak izango dira.

d) Kendu egiten dira aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona-taldeei jarritako mugak.

e) Edozein motatako garraio publikoek 24:00etara luzatu ahal izango dute irteerako gehieneko ordutegia.

20 egunez
Egoera epidemiologikoaren bilakaeran aldaketarik ez bada, Eusko Jaurlaritzak aste hasieran onartu eta gaurtik indarrean izango den dekretu berria hiru astez, 20 egunez izango da indarrean. Bitarte horretan, "dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da".

Orain arteko prebentzio neurriak hartzen segitzeko deia egiten du Jaurlaritzak; musukoak jantzi, eskuak sarri garbitu, ahal dela "burbuiletan" harremandu edota segurtasun distantziak bermatzea.

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria esteka honetan irakur dezakezue osorik: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria