Ohoreko Bigarren Mailarako txartela jokoan asteburuan, Urbil-Usurbil KEko Senior neskentzat

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 17:10

Asteburu honetan Usurbil KE-ko senior neskek Ohorezko Bigarren Mailarako txartela eskuratzeko aukera izango dute. Euskadiko txapeldunek, Estatu Mailako fasea jokatuko dute Iruinean ostiraletik hasi eta igande bitarte. Lau taldek osatutako B multzoaren barnean arituko dira usurbildarrak Nafarroako Anaitasuna, Aragoiko A.D Jota eta Kantabriako Lieberbank BM. Peredaren aurka. 

Ostiralean izango du Urbil-Usurbil KE taldeak lehen partidua Aragoiko taldearen aurka, 18:00etan. Larunbatean berriz, talde kantabriarrari aurre egin beharko dio 20:15etan, eta azkenik, igandean, Nafarroako Anaitasunaren aurka neurtuko ditu indarrak 12:30etan. 

 

Sei sektoretan banatuta egongo da txapelketa, eta parte hartuko duten 24 taldetatik seik baino ez dute lortuko Bigarren Mailarako igoera. Multzo bakoitzeko garaileak lortuko du igoera, eta beraz, garaipen hori lortzeko B multzoko lehena izatea lortu beharko du Urbil-Usurbil KE taldeak.

 

Usurbilek gehiagotan ere lortu izan du igoera, eta urtebetez aritu ziren Bigarren Mailan 2016-2017 denboraldian. Igoera gehiagotan ere lortu izan dute, baina arazo ekonomikoak tarteko, ez dute gehiagotan aukerarik izan Ohorezko Bigarren Mailan aritzeko. Aurten, igoera lortuz gero, berriz ere maila horretan lehiatuko dira datorren denboraldian, hala adierazi die klubeko zuzendaritzak jokalariei.