Eskubaloiko Kadete mutilek Espainiako txapelketan indarrak neurtzeko aukera izango dute asteburuan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 17:12

Granollersen galdu ezineko zita dute asteburuan Usurbil KEko kadete mutilek. Euskadi mailan hirugarren postua erdietsi zuten, eta horrek Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera eman zien. Asteburuan izango dute beren maila erakusteko aukera Katalunian, ostiraletik igandera bitarte.

Zortzi multzotan banatutako txapelketan, Espainiako 32 talderik onenek hartuko dute parte, eta hirugarren multzoan arituko dira usurbildarrak Kataluniako KH7-BM. Granollers, Valentziako BM. Mislata eta Nafarroako Anaitasuna taldeen aurka. Zonaldekako faseari dagokionez, partidu horiek egokitu zaizkio herriko taldeari. Lehenik, etxeko taldearen aurka aritu beharko dute, KH7-BM. Granollersen aurka, alegia; hori ostiralean izango da 20:00etan. Larunbatean, nafarrei aurrei egin beharko die talde usurbildarrak 16:00etan, eta amaitzeko, igandean neurtuko dituzte indarrak valentziarren aurka 11:30etan. 

 

32 taldeentzat 8 txartel egongo dira jokoan finalean parte hartu ahal izateko. Multzo bakoitzeko irabazleek baino ez dute aukera izango finalera pasatzeko. Ekainaren 16tik 20ra bitartean jokatuko dira finaleko partiduak, eta talde garailea izendatuko dute 2020/2021 denboraldiko klubik onena.