Zirimaren ate irekiak martxan, eta izen-ematea ekainaren 7tik 18ra bitarte izango da

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 3a, 17:30

Zirimara ate irekiak eskaintzen ari da daotrren ikasturtean eskolaz kanpo kirolaz gozatu nahi duten haurrentzat. Oraindik ere ate irekiak egingo dituzte hilaren 10a bitarte. Datorren asteartean Aginagan izango dira 16:45-18:15 bitarte, asteazkenean Zubietan 16:30etatik 18:30etara bitarte, eta amaitzeko Usurbilen LH3ko ikasleei zuzendutako saioan 16:30etatik 18:30etara.

Zirimarak datorren ikasturterako izen-ematea astelehenean irekiko du eta ekainaren 18ra arte egongo da irekita.  Online egin beharko da prozesua: http://forms.gle/gQa4UkzFh8p7aPE7 gunean izen-ematea egin, eta ordainketa egin beharko da Udarrego Ikastolaren kontu korrontean: ES45 3008 0259 1121 8354 1214, eta azkenik, eskolakirola@udarregi.eus helbidera agiria bidali beharko da. 

 

Horrez gain, Eskola Kirolean parte hartzeko derrigorrezkoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea, norbanako modalitatea edo familia modalitatean. Udalak egoera zaurgarrian dauden familientzako diru laguntza deialdia atera du beharra duten familientzat. Kiroldegiko abonamendurako hobariak ere badituzte. Horren inguruko informazio guztia udalaren webgunean dago eskuragai. 

 

LH1etik LH4 arteko eskaintza prestatu dute datorren ikasturterako. LH1 eta LH2ko ikasleek saio bat edo bitan izena emateko aukera izango dute. Astearte eta ostegunetan izango dira saioak eta lanketa desberdinak egingo dituzte: jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak. LH3 eta LH4ko ikasleek ere saio batean edo bitan izena emateko aukera izango dute saioak astearte eta ostegunetan izango direlarik. Jolasak, kirol alternatiboak, talde kirolak, banakako kirolak, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak eskainiko dizkiete.