Kultur Bira

Kultur Biraren antolatzaileak: “Herriko sortzaileak lehenetsi ditugu”

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 14:05

Iazko arrakastaren ildotik, bigarren urtez jarraian ospatu ezingo ditugun ohiko jaien eredua irauliko duen Kultur Bira bueltan datorkigu. Asteotako eskaintzaren berri asteburu honetan etxez etxe banatuko duten liburuxkan jasoko dugu. Bezperetan antolatzaileekin bildu da NOAUA!.

Aurtengoan Kultur Bira baino Kultur Birak izango ditugu. Argituiguzue amaierako k horren esanahi eta filosofia.
Iaz Kultur Bira sortu zen, Usurbilgo jaiak beste modu batera bizitzeko helburuarekin eta batez ere kulturgintzaren eta kulturgileen babesaren bila, baina ez genuen lortu Santixabelekin egin genuena gero beste jai batzordeek ere egitea. Pandemia garai honetan, jaiak deszentralizatzea ere egokia zelakoan, Usurbilgo eta herri eta auzoetako ordezkari guztiak bildu eta Kultur Biran parte hartzeko proposamena egin genien.

Iazko Kultur Biraren ereduan oinarritzen da aurtengoa. Jaien deszentralizazioaz gain, zertan asmatu zenuten iaz eta zer berezitasun ditu aurtengoak?
Antolatzeko moduan asmatu genuela uste dugu. Orain arte eragile bakoitzak bere ekimena antolatzen zuen. Orain lortu duguna da denon artean antolatzea ekimenak. Jaien deszentralizazioan asmatu genuen. Auzoren batean aspaldiko urteetan ez da inolako ekimenik egin, Txokoalden adibidez. Esker ona adierazi ziguten, gu ere oso gustura egon ginen eta aurten ere errepikatzeko asmoa dugu. Protokoloagatik sortu genuen usurbilkultura.eus plataforma aipatu behar da. Iaz sekulako martzianada zirudiena, doako nahiz ordainpeko sarreren urte osoko ohiko salmenta plataforman bilakatu da. Herriaren herraminta bat da jada. Aurten bestalde, aldi berean ekimen bat baino gehiago ez ditugu antolatuko, horren ordez zikloa hilabete eta erdira luzatu dugu.

Iaz azken unean presaka antolatu behar izan zenuten. Aurtengoa aurreikuspen gehiagorekin.
Barne antolaketa mailan salto kualitatiboa eman dugu; giza baliabideen taldea ere sortu dugu. Deia egin nahi diegu kulturgintzaren bultzadan sinesten duten herritarrei. Ekimen andana antolatzera doaz eta haien laguntza beharko dugu, muntaketa lanetarako, sarrera- irteerak kontrolatzeko… Laguntzera datorrenak sarrerarik ez du beharko. 

Iazko edizioa oroitu eta girotzen hasiak zarete jada.
Iaz streaming bidez zuzenean eskaini genituen hainbat ekitaldi. Haritz Arrizabalagak grabatutako bideoak Youtubera igotzea erabaki dugu girotzen hasteko. Ameba, Odolaren Mintzoa… kontzertuan ikusgai dituzue, baita grabatu dugun spota ere.

“Kultura segurua” leloa praktikara eraman zenuten iaz. Baimendutako aforoa bete zenuten. Edizio arrakastatsua zalantzarik gabe.
Oso arrakastatsua izan zen, jendea oso gustura egon zen. Konfinamendutik irten berritan inongo eredurik gabe pare bat hilabetean antolatu behar izan genuen. Geroni izan ginen formatu hau aurrera eramateko ausardia izan zuen lehenengoetariko herria. Hasieran beldurra bagenuen antolatu ahalko zen edo ez. Aurtengoan ez da zalantzarik izan. Argi genuen baietz, baina kontua zen noraino. Ohiko jaiak antolatu nahiko genituzke, baina ezingo direla ospatu garbi izanda, halabeharrez heldu diogu Kultur Bira 2021 antolatzeari.

Sarrerak arduraz kudeatzeko deia
Aurtengoan ziurtasun gehixeago badago ezta?

Aurten oraingoz arazo handiena ordutegiekin izan dugu. Iaz gauez egin genitzakeen ekitaldiak, duela gutxira arte 22:00ak arte, orain gauerdira arte. Baditugu arratsalde batzuk bizpahiru ekitaldirekin. Ondorioz, lehen hitzordua nahiko aurreratua genuen, dena 22:00etan amaitzeko. Orain ordutegia zabaltzeko aukera dugunez moldatu dezakegu. Aforoarekin berdin.

Aire zabalean izango dira ekitaldiak.
Gure apustua ekintza gehienak kanpoan egitea da. Usurbilgo Kultur Bira orokorraren kasuan, batetik Santixabeletan egongo diren ekintzak eta hurrengo bi asteburuetakoak bereizi behar ditugu. Uztailaren 1etik 4rako ekitaldiak Kaxkoan izango dira. Uztailaren 11 eta 18ko asteburuetan auzoetara jotzea erabaki dugu. Pisu berezia hartuko du hor adibidez Aginagak. Ekintza dezente egongo dira, baita Santuenean ere. Ekainaren 19rako antolatzen ari garen Usurbilgo Artixten Gaua aldi berean, skate parkean, Txokoalden eta Aginagan ospatuko da. Usurbilgo jaien egunetan karpa erraldoi bat jarriko dugu Udarregiko gunean. Udaletxeko plaza berreskuratuko dugu.

Iaz bezala ekitaldi estatikoak.
Bai segurtasun eta aforoagatik, bestela zaila edo ezinezkoa litzateke kontrolatzea. Aldez aurretik izena eman beharko da usurbilkultura.eus atarian sortuko dugun atalean. Hurrenkera honetan esleituko ditugu sarrerak: lehentasunezko bi ekitaldi hautatu ahalko ditu bakoitzak, gero gainerako izen emateak sartuko dira zozketan. Lekurik balego, kanpoko jendearentzako sarrerak zozketatuko lirateke. Kanpokoek lehentasunez aukeraturikoak lehenbizi, gainerako izen emateetakoak gero. Sarrerak ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago zozketatuko dira, Usurbilgo jaietakoak (uztailak 1-4) ekainaren 29an, denak batera. Adi egon emailari, sarrera banaketa handi bat egingo da Santixabelen bueltan. Horregatik, sarrerak arduraz kudeatzeko eskatu nahi diegu herritarrei. Sarrera egokitu eta ekitaldira joaterik ez duenak, norbaiti eman edo guri jakinarazi.

Kalezarko eta Usurbilgo kultur birak elkarbiziko dira ekainaren 23tik 27ra. Nola kudeatuko dituzue bi bira hauek aldi berean?
Bi egitarau ezberdin zabalduko dira. Usurbilgoa asteburu honetan, Kalezarkoa geroago. Bakoitzak bere izen emate txokoa eta sarreren zozketa propioak izango ditu usurbilkultura.eus plataforman. Web orria aukera hauetarako egokitzen ari dira.

Zer eta non aukeratua izango dugu beraz.
Betiko moduan adin tarte guztientzako. Ekitaldiak antolatzerakoan herriko sortzaileak lehenetsi ditugu, guztiei parte hartzeko mezu bana bidali genien. Uztailaren 1etik 4ra Udarregiko karpa erraldoian herriko bi talde izango ditugu; Neona eta Mihise. Bertsio Gaua berreskuratuko dugu urtebeteren ondoren, Xauxar Txosna Batzordeak antolatuta. Artixten Gaua ere forma hartzen ari da. Ez dugu argituko gune bakoitzean nortzuk parte hartuko duten. Ziur gara Usurbilek duen sorkuntza mailarekin emanaldi ederra eskainiko dutela. Adin tarteekin bezala, kultur diziplina ezberdinak tartekatu nahi izan ditugu. Formatu nahasketa berriak egin ditugu. Hala, Aginagan esaterako Iñorkiñak herriko taldearen emanaldia eta Antton Telleriaren bakarrizketa izango ditugu. Ugaitz Agirreren bakarrizketa eta herriko rock talde berri baten kontzertua. Orbeldi Dantza Taldeak hiru ekitaldi desberdin eskainiko ditu. Sortzaile gaztetxoentzat Kolore Festa pintura saioa izango dugu. Sortzaileei egin zaien gonbita egin diegu baita herriko kirolariei ere. Uztailaren 10a Herri Kirolen Eguna izango dugu; giza proba, harrijasotzaile eta aizkolariekin.

Kultur Bira sarean: 
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/
-E-posta: usurbilgokulturbira@gmail.com