"Uda honetan Euskal Sagardoarekin topa egin dezagun"

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 14:48

"Hik Nik" izeneko kanpaina aurkeztu du Euskal Sagardoak Donostiako Miramarren. Uda honetan, norbanakoen planetan, ostalaritza establezimenduetan, kultur nahiz kirol jardueretan Euskal Sagardoa jatorri deiturako edariak dastatzeko deia egin dute.

Pandemiagatik aurten mahaietan eserita kontsumitu ahal izan den txotx garaiko sagardo berria botilaratua dastatzeko garai ezin ederragoa dugu ate joka datorkigun uda parte hau. Horretara gonbidatu gaitu gaur Euskal Sagardoa jatorri deituraren sustatzaileek Donostiako Miramar jauregi atarian egin duten agerraldian. Hilabeteotarako "Hik Nik" kanpaina aurkeztu dute. "Hitz jolas horrekin euskal sagardoa kanpoaldean kontsumitzeko gonbita egin nahi diogu jendeari", adierazi du Euskal Sagardoa egitasmoko teknikari Olatz Mitxelenak.

Kanpainarekin batera euskarri bat plazaratu dutela berri eman du, bertako eta kalitatezko produktuak eta euskal sagardoa uztartzen dituen errezetekin. "Sagardoa botilan gozatzeko unea da eta hik nik horiek ea zuek ere proposatzen dituzuen". 

Sagardotegien ia erdia zabalik udan
Ezohiko txotx denboraldiaren eta pandemia garaiko sagardo kontsumoaren inguruko datu deigarriak eskaini ditu. Ateak itxi eta irekitzen ibili diren sagardotegiek %25ean lan egin dute aurreko urteekin alderatuta. Eserita kontsumitu beharra izan da sagardoa eta ondorioz, "botilari edo produktuari beste presentzia bat emateko" aukera izan dela nabarmendu du Mitxelenak. "Benetan eskertu nahi genuke bezeroaren erantzuna". Urte hasieran aurkeztu zuten protokoloa eraginkortzat jo du, eta sagardotegien %45a udan irekia izango dela iragarri du.

Sagardotegiko otordua osagai duten egun pasa edo ekintza ezberdinen online bidezko erreserbak hazten doazela gaineratu du; duela bi urtera arte kanpoko bezeroak zirela halako hitzorduek gehien erakartzen zituztenak, bertako bezeroak ere batu direla azken bi urteotan. Online bidezko sagardo botilen salmenta ere goranzko bidean da; %485 igo zen 2019-20 urte artean, azken urtebetean %55. 

Pandemia garaian izandako galeren kontrapuntua da. 20 milioi euroko galerak izan ditu sektoreak iazko martxotik hona, Oihana Gaintzerain, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakari eta sagardogileak adierazi duenez. Halere, sektorearen sendotasuna nabarmenduta, "aurrera ateratzeko esperantza" argia dutela zioen gaur Miramarreko agerraldian. "Esperantza udan jarria dugu", iragarri du. Kalean antola daitezkeen kirol edota kultur jardueretan "denetan sagardoa dastatzeko aukera luzatu nahi dugu". Baita pandemia honek kolpatu duen ostalaritza establezimenduetan ere. Sektore honi keinua egin nahi izan dio Gaintzerainek, "guztion artean atera behar dugulako aurrera". Terraza nahiz ekitaldietan, mendian edota hondartzetan, "ez dago aitzakiarik, uda honetan sagardoarekin topa egin dezagun".

"Izaera handiko sagardoak"
Zer nolako sagardoa dastatu ahalko dugun? Iazkoa "uzta txikia" izan zen arren Euskal Sagardoa jatorri deiturako kide eta sagargile Felix San Sebastianen esanetan, "izaera handiko sagardoak" izango ditugu dastagai. Euskal Sagardoa jatorri deitura duten EAE-ko 48 sagardotegi daude, 250 sagargile, 486 hektarea, batzuk sagardo bat baino gehiago ekoizten dituztela jakinda, "70 bat erreferentzia", egitasmoko ordezkari Unai Agirrek zioenez. Tartean, inguruotakoak; Zubietako Araeta, Kalezarko Saizar edota Aginagako Urdaira.

Sagardoa kalitate goreneko lehengai bat bilakatzeko bidean, ezinbestekotzat jo du "uzta arteko desoreka haustea". Horretarako, "ikerketa eta saiakeretan ari gara gure sagastietan". Une honetan zioenez, "bakanketa eta polinizazioarekin ari gara". Etorkizunerako espero dituzte emaitzak. Horretan ahalegintzeko asmo argia agertu du San Sebastianek.

Sektorearen bultzada, guztion esku
Erakundeek ere sektorea laguntzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, landa garapeneko zuzendari Xabier Arrutik gogorarazi duenez, 2017az geroztik urtero 300.000 euro inguruko diru-laguntza lerro bat zabalik dute, sagarrondoak landatu eta bertatik eskuratutako sagarrarekin Euskal Sagardoa ekoizteko. 130 bat hektarea landatu direla zioen, baina "autohornitzeko 300 bat hektarea beharko genituzke". Legealdi honetan erronka hau betetzeko nahia agertu du Arrutik.

Euskal Sagardoa jatorri deituraren egitasmoa 2017an abiatu zenetik lau urteotan izan duen bilakaera baikorra nabarmendu du Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburu ordeak. Pandemiak joera hau eten duen arren, "sektore honek etorkizun handia du", azpimarratu du. "Indarrak metatu eta indar gehiago jartzeko unea da", zioen. Eusko Jaurlaritza elkarlan horretan egongo dela argitu du, baina kontsumitzaileei deia egin nahi izan die Orozek. "Kontsumitzaileek dute askotan sektore bati bultzada emateko giltza". Kontsumitzerakoan, osasuntsua izan eta kalitate gorenekotzat jo duen Euskal Sagardoa aintzat hartzeko deia egin du, "produktu honen atzetik, gure baserriak, sagarrondoak, sagardogileak, lanpostuak gauza asko metatzen dituen produktua da".

Pandemiak sektoreak baino kanal zehatzak kaltetu dituela ohartarazita, indarguneak baliatu eta aurrera jotzeko deia egin du. "Denon ardura da bultzada ematea une zail hauetan".