OinHerri taldea aurkeztu dute gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 21:09

OinHerri taldea aurkeztu dute gaur Sutegin dozenaka herritar eta eragileren aurrean. OinHerri hezitzaile sare bat da, Usurbilen 2020an lanean hasi zena, eta orain, pandemiak arnas pixka bat hartu duenean, lehen urratsak emateko aukera izan dute.

OinHerri Herri Hezitzailea egitasmoa martxan jarri zuten 2012an hainbat elkartek Euskal Herrian, haurren hezkuntza eta aisia beste modu batera bideratzeko asmoz. Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin, hainbat urrats eman dituzte azken aldian. 

 

Maite Goñi OinHerriko arduradunetako batek hartu du hitza lehenik Sutegin. Joxe Azurmendi, Porrotx eta beste hainbat pertsonak heziketa eskola eta etxetik kanpo ere egin beharreko zerbait dela ikusita, OinHerri sortu zuten 2012an. Taldea indartsu hasi zen, baina apurka-apurka indarra galdu zuen. 2020an, ordea, udaletxeetako atea jo, eta hogei bat Udalekin egitasmoa martxan jartzea lortu dute, taldean Usurbilgo Udalarekin, eta hala sortu da OinHerri Usurbilgo taldea. 

 

OinHerrik herriak hezitzeko leku bihurtu nahi ditu, eta pertsona guztiak hezitu eta hezitzaile izan daitezen lanean dihardute. Egun, Euskal Herriko 16 eragilek osatzen dute egitasmoa; Euskal Herriko hainbat txokotan sortutako hezkuntza ez formaleko eragileek, euskara elkarteek, kultur eragileek, eragile publikoek... Giza garapenerako jolasa eta sormena funtsezko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea dute helburu; haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez aniztasunean, berdintasunean eta modu parekidean, ingurumen natural eta kulturala zaindu komunitate sarea eta auzolana indartzea; eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

 

Taldearen helburuak finkatuta, herrian eginiko lanak izan dituzte hizpide Zubietako Eskola Txikiko ordezkari batek, eta Ziortzaren beste ordezkari batek. Doluari buruzko lanketa egiten aritu dira bi taldeak, zein herriko beste hainbat eragile. Zubietako Eskola Txikian Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Usurbili oparitutako zuhaitzaren harira, lanketa bat egin dute hiru saiotan doluaren gaia lantzeko. Heriotza zer den, inguruan zer sortzen duen eta horren aurrean izan daitezkeen sentimenduez jardun zuten, etxekoekin gaiari buruz hitz egin zuten ondoren klasekideekin partekatzeko, eta azkenik, zuhaitza landatu zuten. Lanketa hori bera aurrera eraman zuten Udarregi Ikastolan eta Aginagako Eskola Txikian ere. Ziortzak ere lanketa egin zuen gaiaren inguruan, eta beste eragile batzuek ere bai. 

 

Doluaren gaia da lehenik eta behin lantzen hasi direna, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, bai eta bestelako gaiak lantzen ere. Usurbilgo hainbat eragile daude proiektuan sartuta, eta gehiago izateko deia ere luzatu dute proiektuan interesatuta dauden eragileentzat. Aurkezpenarekin amaitzeko, doluari buruz egin dituzten lanketetako irudiekin eginiko bideoa erakutsi dute Sutegin.