Gertuago.eus

Gertuago.eus, herri merkataritza eta ostalaritzaren erakusleiho bateratu berria

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 14:05

Azken urtean, erosketa bonuak eskuratzeko izan den ataria, herri merkataritza eta ostalaritzaren erakusleiho bateratuan bilakatzeko fase berrian sartu da, Usurbilgo Udalak eta Hurbilago Elkarteak urte honetarako sinatua duten hitzarmenaren testuinguruan.

Tokiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plangintza orokorretik sortu zen iaz, gertuago.eus egitasmoa. Udaberriko konfinamendutik irten ginenean, sektorea laguntzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko erosketa-bonuak %20ko deskontua aplikatuta salgai jarri zituen ataria izan genuen iragan martxora arte. 

Erosketa bonuok herriko dendetan xahutu genitzakeen. Web orriak berak, Usurbilen ostalaritza eta merkataritza sektorean dugun eskaintza zabala islatu zuen. Eta hala izaten segi nahi du, Usurbilgo Udalak ostegun honetan Potxoenean aurkeztu duen egitasmoaren fase berri honetan ere.

Hitzarmena indartzeko apustua
Udalak berak eta Hurbilago Elkarteak 2021erako sinatua duten lankidetza hitzarmenaren harira dator aldaketa. Egun, herriko 51 establezimenduen egoitza da gertuago.eus webgunea, "erreferentzialtasuna lortzen ari den ekimena" alkatearen esanetan. Eta herrian erosteko konpromisoa areagotu den pandemia garaiotan, hortxe kokatzen dute hurrengo erronka; "erosketa bonuak eskuratzeko webgunea izatetik haratago, Usurbilgo establezimenduen erakusleiho bateratu bat izatea", alor honetan abiarazten diren egitasmoen erreferentziazko marka. 

Erakusleiho ahalik eta bizien eta osatuena izate aldera, herritarrek etengabe atari honetara erakartzeko arrazoiak izateko, baliabide propioak indartzeko apustua egin dute Hurbilagok eta Udalak sinaturiko hitzarmenaren bidez; orain arteko 8.000 eurotik 30.000 eurora hazi da Udalak ostalari eta merkatarien elkarteari egindako ekarpena. Testuinguru honetan, Gertuago egitasmoaren fase berri hau kudeatzeko Miren Cuerdo dinamizatzailea kontratatu dute. 

"Informazio bila eta merkatariak hurbiletik ezagutzera gerturatuko naiz establezimendu ezberdinetara", zioen Potxoeneko aurkezpenean Cuerdok. Helburua, erakusleiho hori sortzeko katalogoa osatzea litzateke eta establezimenduek bere eskaintza online saltzeko aukera ematea. Datuak eta irudiak bilduko ditu Cuerdok dendaz denda. "Modu pertsonal batean lan egitea gustuko dut. Bakoitzari behar duen denbora eskainiko diot".

Informazioa jaso ahala gertuago.eus atarian zintzilikatzen joango dira, uztaila hasieran. "Gonbidatu orain arte parte izan ez direnentzako, Gertuago zabalik dagoela merkatari guztientzat. Ekimen honetan parte hartzera animatzen ditut".

Segidan, Usurbilgo Udalaren bideo honetan Miren Cuerdoren adierazpenak: