Gertuago.eus

"Beti dago jendeak hainbeste ezagutzen ez duen zerbitzu bat erakusteko aukera"

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 13:46

51 establezimendu batzen ditu egun fase berrian sartu den Gertuago egitasmoak. Norberak duen eskaintza ezagutzeko plataforma ezin egokiagotzat jotzen dute sektoreko eragileek.

Gertuago.eus webgunea egun Usurbilgo 51 establezimenduren txokoan bilakatu da. Erakusleiho bateratua sustatzeko fase berrian sartu da egitasmoa. Proiektuarekin bat egin dutenen artean da Saizar sagardotegia. Azken urtean erosketa bonuak salgai izan eta "gure etxean oso ondo funtzionatu ostean", Joana Lertxundik osteguneko aurkezpenean Potxoenean zioenez, hain garrantzitsua bilakatu den digitalizazioan jauzia emateko "aukera ona iruditu zaigu plataforma".

Aukera ona baita, agian bezeroentzat hain ezagunak ez diren zerbitzuen berri emateko ere. "Pentsatzen dugu dena ezaguna dela, baina beti dago jendeak hainbeste ezagutzen ez duen zerbitzu edo produkturen bat erakusteko aukera".

Eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen katalogoa prestatu eta "pixkanaka ditugun berrikuntzak, unean uneko eskaintza erakusten joango gara". Aukera egokitzat jotzen du Lertxundik, "gure salmenta bultzatzeko" ere. Finean, "proiektu polita" iruditzen zaio, bakoitzak "herritar guztiei eskaintzeko duenaren erakusleihoa izateko".

Gertuago.eus plataformarekin bat egin duen beste establezimenduetako bat Etxebeste kaleko Lizardi liburu denda duzue. "Oso gustura gaude" egitasmoarekin, zioen Irati Artzek. Aukera baliatzeko asmoa agertu du.