Eukaliptoak ingurumenean duen eragina aztergai gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 09:25

Anerreka Ingurumen Elkarteak antolatuta, ostegun honetan, ekainaren 17an 18:30etan Sutegiko auditorioan. EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean irakasle katedradun Arturo Elosegi izango da hizlaria.

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Eukalipto landaketen ingurumen ondorioak EAEn eta inguruetan txostena idatzi zuen Arturo Elosegik, Aitor Larrañaga, Juan Arizaga eta Carlos Cabidorekin batera. Txosten horretan jasotako mamia jorratuko du Arturo Elosegik Usurbilen eskainiko duen hitzaldian", iragarri du Anerrekak. Hitzordurako izena hilaren 15a baino lehen eman beharra zen, usurbilkultura.eus atarian.

"Gipuzkoan sartzen ari da eukaliptoa, iaz, urte bakarrean, alegia, bikoiztu egin zen landatutako azalera. Ez da erraza, baina, eukaliptoak egurgintzan duen errentagarritasunari aurre egitea, eta jabe pribatuek haren alde apustua egin duten heinean, ugaritzen ari dira espezie horrek okupatutako eremuak”, ohartarazi du Anerrekak.

Erakundeen jokabideari dagokionez aipatzen dutenez, “EAEko foru aldundiek diote ia ezinezkoa dela partikular bati debekatzea eukaliptoak landatzea. Gipuzkoan propio ukatzen zaizkie dirulaguntzak pinudiak eukaliptoarekin ordezkatu nahi dituztenei. Bizkaian eta Gipuzkoan, jabetza pribatukoak dira baso gehienak, eta horrek eragin izan du monolaborantzarako joera bat. Bertako baldintzengatik, interesa azaltzen ari dira Euskal Herritik kanpoko egur enpresa handiak, hemengo lursailak erosteko”.