Ekaitzagatik alerta laranjan 14:00-20:00 artean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 11:30

Ekaitz giroa iragarri dute ostegun honetarako ere. Arratsalde partean, atzo baino euri gehiago egin dezake. Abisu horia iragarria bazegoen ere, alerta maila gogortu dute Gipuzkoa ekialderako; alerta laranjan izango gara 14:00-20:00 artean.

Asteazken arratsaldeko azken orduan ekaitz giroa izan genuen Usurbilen. Euria gogotik egin zuen, tximista eta trumoi artean. Ostegun honetan are gehiago egin dezake, ostegun goiz honetan bertan alerta maila gogortu baitu Euskalmet meteorologia agentziak. Alerta laranja ezarri du 14:00-20:00 artean Gipuzkoa ekialdean, "prezipitazio handiagatik". Iragarpen eguneratu honen arabera, "baliteke zenbait lekutan ordubetean 30 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada handiak botako ditu, oso handiak izan daitezke, trumoitsuak eta iraunkorrak izango dira eta txingorra botako du", ohartarazi du.

Alerta laranjarekin batera, abisu horian izango gara gainerako orduetan, 12:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte. Alerta laranja indarrean izango ez den ordu tarteotan "baliteke metro karratuko 20 litro baino gehiago pilatzea ordubetean. Euri txiki-ertaina egingo du; baliteke zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jotzea, zaparradak handiak eta prezipitazioa iraunkorra izatea eta txingorra botatzea, bereziki ekialdean". Prezipitazio iraunkorrengatik ere abisu horia ezarri du Euskalmet-ek, 12:00-22:00 artean. Ordu guztiotan guztira "baliteke metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatzea Gipuzkoako zenbait lekutan, bereziki ekialdean".

Usurbilgo iragarpena
Adi beraz. Giro honekin, ostegun honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Goiz erditik aurrera euri txiki-ertaina egingo du; baliteke zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jotzea, zaparrada handiak botatzea eta prezipitazioa iraunkorra izatea, bereziki egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahul-bizia ibiliko da, mendebal/ipar-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura asko jaitsiko da".

Biharko ez da abisu horirik iragarri. Ostiralean udalerri honetan, "zerua hodeitsu egongo da, egunaren azken orduetan tarteka oso hodeitsu. Baliteke zaparrada txiki-ertainak botatzea eta trumoi-ekaitzak jotzea, bereziki goizaldean eta azken orduetan. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, eta eguerditik aurrera ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".

Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; baliteke prezipitazioa iraunkorra izatea eta trumoi-ekaitzak jotzea. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura minimoetan, aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus