Euskarako eta aisialdiko diru-laguntza deialdien oinarriak plazaratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 10:38

Ostiral honetako (ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso ditzakezue, aisialdiko begirale edo zuzendari titulua eskuratzeko ikasturte honetan zehar ikastaroren bat egin dutenei nahiz hilabeteotan euskara ikasten aritu direnei zuzenduriko udal diru-laguntza hauei buruzko xehetasunak. Datu nagusiak lerrootan bildu ditugu.

Segidan dituzue aipatu moduan, batetik, amaitzear dugun 2020-21 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari titulua eskuratzeko ikastaroa egin dutenei zuzenduriko udal diru-laguntza deialdiari buruzko xehetasunak. Matrikularen %50a diruz lagunduko du Udalak, kopuru mugatu baten baitan. 

Euskara ikasten ari direnei dagokienean, bi udal diru-laguntza lerro daude. Deialdi orokorra batetik; azken urteon ildotik, Usurbilen euskara doan ikastea ahalbidetzen duena, baldintza guztiak betez gero (Usurbilen erroldatua egon, %80ko asistentzia egiaztatu...) matrikula kostuaren %100a ordaindu baitezake Udalak. 

Bi udal diru-laguntza lerrootarako eskabideak ekainaren 28tik uztailaren 9ra aurkeztu ahalko dira. Bada beste laguntza lerro bat ere; datozen hilabeteotan euskara ikasten aritu asmo dutenei zuzendurikoa. Kasu honetan, "dirulaguntza hauetarako eskaerak euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira". Behar ekonomiko berezia duten ikasleentzako deialdia da honakoa. Halere, "dirulaguntza kopuruak izendatzeko kontuan izango diren irizpideak euskara ikasleentzako dirulaguntza oinarri orokorretan jasotzen diren berak izango dira", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.


2020-21 IKASTURTEAN AISIALDIKO BEGIRALE EDO ZUZENDARI IKASTAROETAKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN OINARRIAK
Onuradunak: "2020-2021 ikasturtean aisialdiko begirale edo aisialdiko zuzendari ikastaroak egin dituzten 16 urtez gorako usurbildarrak".  
Baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.
Laguntza:
-Begirale ikastaroa: matrikularen % 50a (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen % 50a (gehienez ere 170 €).
Eskabideak: ekainak 28-uztailak 9 (bi egunak barne).
Informazio gehiagorako: ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

2021-21 IKASTURTEAN EUSKARA IKASI DUTENEK DIRULAGUNTZA ESKATZEKO DEIALDIA
Onuradunak: "Usurbilen erroldatuta dauden 16 urtez gorako euskara ikasleak".  
Baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea. (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).             
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea: Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.

Laguntza:
2020ko irailetik 2021eko abuztuaren 31 bitartean egindako ikastaroak diruz lagunduko dira. Herritar guztiek matrikula kostuaren % 100 jasoko dute (600 euroko muga), baldintza hauek betetzen badituzte:          
-%80ko asistentzia.
-Gutxieneko aprobetxamendua.
Eskabideak: ekainak 28-uztailak 9 (bi egunak barne).
Informazio gehiagorako: ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

BEHAR EKONOMIKO BEREZIAK DITUZTEN EUSKARA IKASLEEK DIRULAGUNTZAK ESKATZEKO DEIALDIA
Onuradunak: "Usurbilgo Udalari garrantzitsua iruditzen zaio herritarrek euskara ikastea. Gero eta gehiago dira Euskaltegiko matrikula ordaintzeko arazo bereziak dituzten herritarrak. Bide honetatik, behar ekonomiko bereziak dituzten herritarrei euskara ikastea erraztu nahi zaie. Oinarri hauek dirulaguntza hauek emateko baldintzak jasotzen dituzte. Dirulaguntza hauen onuradun izango dira: Usurbilen erroldatuta egonik, behar ekonomiko berezia duten euskara ikasleak. Ikastaro hauek 2021eko uztailetik 2022ko ekainaren 30a bitartean egindakoak izango dira".   
Baldintzak: 
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea. (Autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).             
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea: Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.
Laguntza: "Behar ekonomiko berezia duten herritarrei Euskaltegiko matrikula kostua aurreratuko zaie".
Eskaerak:  "Dirulaguntza hauetarako eskaerak euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira. Dirulaguntzen zuriketa, berriz, 2022ko uztailaren 4tik 8ra bitartean egingo da".
Oharra: "Dirulaguntza kopuruak izendatzeko kontuan izango diren irizpideak euskara ikasleentzako dirulaguntza oinarri orokorretan jasotzen diren berak izango dira".
Informazio gehiagorako: ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala