Amaitu dute 2020-21 ikasturtea, diploma banaketarekin agurtu dute Esperientzia Eskolan parte hartzen aritu diren 34 ikasleek. Egunotan jaso dute aipatu diploma Usurbilgo alkatearen eskutik. Albiste honi atxikitakoa da hain zuzen, parte hartzaileek Agurtzane Solaberrieta Mesarekin ateratako talde argazkia.
Ezohikoa izan da bizi izan duten ikasturtea, ikasturte "zaila" Usurbilgo Udaletik aipatu duten moduan, "covid19-ak eskolekin jarraitu ahal izateko neurriak hartu behar izan baitituzte: astean behin bildu dira 34 ikasleak, erdiak etxetik telematikoki, erdiak aurrez aurre, astez aste txandatuz. Halaxe egin dute esperientzia eskolaren 15. urtea".
Udaletik eskerrak helarazi dizkiete ikasleoi, egitasmoan parte hartu eta egoera zaila izan arren, saioak modu presentzialean jasotzeko eginiko apustuagatik.