Itoitz Rodriguez, hiru marka hautsita

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 28a, 08:51

Urte ezin oparoagoa bizitzen ari den atleta usurbildarrak hiru marka hautsi ditu Realeko beste hiru taldekiderekin batera.

Marka hirukoitza hautsita itzuli da Itoitz Rodriguez herritarra Getafen ospatu den Espainiako Txapelketatik. Realeko atleten taldekoekin lehiatu da eta zilarrezko domina eskuratu du Asier Fernandez, Javier Mariscal eta Adrian Rocandio taldekideekin batera. Taldeko, Gipuzkoako eta Euskadiko errekorra lortu zuten igandean (3:09.03). "A ze eguna! Estatuko bigarren, 4x400 erreleboan. Klubeko errekorra, Gipuzkoako errekorra eta Euskadiko errekorra, taldekide ezin hobeekin", zioen Itoitzek azken orduotan sare sozialen bidez. 

Realeko atleten taldeak orohar, bost domina eskuratu ditu. 2021. urte ezin oparoagoa bizitzen ari da herritarra. Gogoan izan, urte hasieran, astebeteko epean Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen, pista estaliko 400 metroko lasterketan.