EAJ USURBIL

EAJri ez zaio bidezkoa iruditzen kreditu gaikuntzaren zati handiena hondeamakina berri bat erosten gastatzea

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 28a, 15:22

Joan zen asteko osoko plenoan aurkeztu zuten 207.000€ko kreditu gaikuntzari ezetza eman zioten Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziek. “ EHBilduk aurkeztutako proposamenaren arabera kopuru honetatik, 171.000 € hondeamakina berri bat erostera bideratzea defendatu zuten, hau da % 82a makina erostera, beste 13.000€, %6a bakarrik Harane futbol zelaiko harmailak jartzeko, eta beste 5.000€, % 2a kiroldegiko igogailua berritzeko”.

Jeltzaleen esanetan hondeamakina berri bat erostera bideratzen den diru kopurua gehiegizkoa da: “horrelako inbertsio bati etekina ateratzeko ahalik eta ordu gehien lanean aritu behar du makinak, eta hori ez da Usurbilgo udalaren beharren kasua”.  “Erabilera eraginkorragoa eta probetxugarriagoa” ematea defendatu zuten jeltzaleek, etxealdiako irisgarritasuna hobetzeko prozesua abian jartzea proposatuz.

Haraneko futbol zelaian harmailak jartzeko 13.000 € bideratzea ez dela nahikoa adierazi dute EAJko ordezkariek: “orain jarri nahi diren harmaila gutxi horiek konponbide eskasa da. Denboraldi hasieran, Covid-19ren egoera zela eta agian balio zezaketen behin behineko harmaila batzuk jartzea, baina orain arazoa bere osotasunean hartu behar da, eta behin betiko eserlekuen arazoa konpondu. Hori ez da kopuru urri honekin lortzen”.

EAJkoek gogoratu dute Foru Funtsaren likidazioaren ondoren, Usurbilek iazko urrian aurreikusitakoa baino 257.318 € gehiago jasoko zituela Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta kopuru hori bere momentuan aurtengo aurrekontuetarako aurkeztutako proposamenak martxan jartzeko erabiltzea eskatu zutela udal erregistroan aurkeztutako proposamenaren bidez.

Ildo horretan azpimarratu dute hiru proposamen 2020ko aurrekontuetan onartu zirela eta pandemiagatik bertan behera geratu zirela, hala nola, Ugaldea industrialdearen atzetik Kaxkotik Zubietarako bidegorria egitea; Etxealdia auzoko irisgarritasunari bultzada ematea, eta Bizikidetza Memoria lantzeko ekimenak gauzatzea. Hauekin batera beste lau proposamen berri aurkeztu zituen talde jeltzaleak 2021eko aurrekontuetan jasotzeko: Banda Zabala Landa eremuetan bermatzea, Etxealdiako zubia luzatzea, Harane futbol zelairako harmailak, eta parke eta pasealekuetan eserleku egokiak jartzen hastea. “Orotara 171.000 euroko kopurua zen sei partidetan banaturik eta 2021ko aurrekontuetan bideratu zitezkeenak horretarako borondate politikoa balego, baina lehentasuna hondeamakina erosteari eman diote eta horregatik gure ezetza kreditu gaikuntza honi” adierazi du udal taldeak.