Laboaren Uztailari ekingo zaio gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 09:37

Bakarlari nahiz sortzaile talde txikien erakusleihoa zabaltzera doa. Badator seigarrenez, Laboaren Uztaila. Olor proiektuak abiaraziko du zikloa ostegun honetan bertan, uztailaren 8an, 22:00etan Mikel Laboa plazan. 

Zein da Olor?
Jokin Azpiazu Carballo:
Proiektu xume hau duela urte batzuk abiatu nuen, lehen kontzertua 2017an eman nuen. Urte dezentez aritu izan naiz musika taldeetan jotzen eta nahi nuen egin zerbait bakarka. Batzuetan taldeetan jotzean, inork ez du guztiz egiten berak nahi duena. Proiektu hau musika elektroniko eta esperimentalaren inguruan mugitzen da. Egin ditut kontzertu gutxi batzuk eta disko bat baina erritmo lasaian eta oso nire airean.

Nola irudikatu behar dugu Usurbilgo zure emanaldia?
2019ko azaroan eman nuen azken kontzertua. Pandemian erabaki kontziente bat izan zen ez nuela emanaldirik egingo. Usurbilgoa izango da lehenengo emanaldia. Ez dut asmo askorik lehen egiten nuen berdin berdina egiteko eta agian kantu berriren bat aurkeztuko dut, hor bueltaka ibili dena azkeneko hilabeteetan, eta inprobisazio apur bat, testuren batzuk, agian Laboari keinuren bat... Ahalik eta emanaldi libreena izaten eta gozatzen saiatuko naiz, larregizko planifikaziorik egin gabe.

Pandemia garaiko lehen kontzertua. Testuinguru hau nolakoa izaten ari da sortzaileontzat?
Niretzako egoera ez da zaila izan, musikarekin izan dudan harremana beti izan da nik nahi izan dudana, ez naiz profesionalki honetara dedikatu. Orduan ezin dut nire burua alderatu, musikatik bizitzen ari diren pertsonen egoerarekin. Ez dut gustuko etenaldi bat egitea, baina ezta ere ez dit suposatzen bizimoduari begira, horrenbesteko aldaketarik. Egia da hasierako hilabeteetan ez nuela lortu ere etxean sormena lantzerik, halako sormen blokeo txiki bat izan nuen. Uste dut ez dela nire kontua bakarrik izan, jende gehiagori gertatu zaiola. Halako egoera arraro batean, batzuetan zaila da zentratzea, baina bestela aprobetxatu ditut bai azkeneko hilabeteak sorkuntzarako apuntetxoak hartzeko.

Proiekturik eskuartean?
Usurbilgo kontzertua planifikatua dudan bakarra da une honetan. Ez nuen asmorik uda honetan emanaldirik eskaintzeko, baina gonbita jaso nuenean eta nola aldez lehen ere saiatu baina bertan behera geratu zen, Usurbilen jotzeko gogoa nuen. Argi nuen hasieratik kontzertu hori egin nahi nuela; baina gero bestela, gehiago nabil disko berri bat prestatzen, kantu berriak sortzen eta grabatzen, etxeko estudioan. Gero asmoa izango da, horien ekoizpena egitea estudio batean. Oraingoz beraz Usurbilgo kontzertua agertu eta desagertzeko magia truko bat izango da. Gero bueltatuko naiz nire kobazulora eta hor jarraituko dut disko berriarekin.

Nola nahi zenuke publikoak parte hartzea, Usurbilgo emanaldian?
Nire emanaldiak beti izan dira fisikoki intentsoak eskenatokian eta saiatzen naiz ere publikoarekin harreman bat izaten. Usurbilgo emanaldian jendea eserita egongo denez, hortik dator zerbait berezia egiteko asmoa, seguraski normalean egiten dudana baino saio erlaxatuagoa izango da. Erantzuten testuinguru horri saiatuko naiz. Ez ditut betiko abestiak joko, ez dut betiko eskenatokiko jarrera edo eskenatokiko gorpuztasuna agertuko, beste zerbait saiatuko naiz egiten. Niretzako bereziki erronka bat da, ia zer ateratzen den.

Eskertzekoa izango da, bakarlari gisa bidea jorratzen ari zaretenontzat Laboaren Uztaila bezalako zikloetan parte hartu ahal izatea.
Niretzako interesgarria da eta oso ekimen polita ikusten dut. Suposatzen dut jende askok bezala, badut lotura bat Laboarekin, bere musikaren eta bere eskenatokiko jarreraren bidez. Niretzako oso artista garrantzitsua da, bereziki bere alderdi esperimentalaren oso zalea naiz eta niretzako badago ohore txiki bat Laboaren Uztaila deitzen den ziklo horretan parte hartzea. Nirea ez da beti irudikatzen duguna bakarlari formatuan. Hiru pertsona ibiltzen gara, ni neu eskenatoki gainean musikarekin, Ander Barriuso soinuarekin eta Maialen Belaustegik irudiak egiten ditu. Nire atzetik ariko dira, Ibon eta Enrki, Aire ahizpak, Garazi Navas. Denak dira oso artista interesgarriak, oso ziklo polita geratu da.

Emanaldietarako izen ematea
Laboaren Uztaileko emanaldietarako izena aurrez bideratu ahalko da usurbilkultura.eus plataforman. Kontzertuak ostegun gauean 22:00etan Mikel Laboa plazan:

6. LABOAREN UZTAILA
Uztailak 8, osteguna
22:00
OLOR Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "OLOR musika proiektua Jokin Azpiazu Carballo musikariaren proiektu pertsonalena da. 2017. urtean abiatu zen Chroma Bartzelonako taldeari Zarauzko Putzuzulon harrera egiteko asmoarekin, eta hortik aurrera oso erritmo motelean bada ere, aurrera egin du gaur egunera arte. Hainbat emanaldi egin ostean, laster izango du kalean lehen grabaketa, CD formatuan. Synth pop otxenteroa eta oihartzun industrialak. Beltza eta zuria. Melodia eta zarata. Organikoa eta elektronika. Olorrek maite ditu estremoak".
Izen ematea: uztailaren 6ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.

Uztailak 15, osteguna
22:00 Ibon Rg eta Enrike Hurtado Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "IbonRG (Sestao, 1978) eta Enrike Hurtado (Sodupe, 1973). IbonRG hainbat proiektutan aritutako musikaria da (Eten, Xabier Montoia, Mursego, Txaranga Urretabizkaia). Bakarkako ibilbidean ahotsa du tresna nagusi, batzuetan a capella, bestetan pianoak lagunduta. 2018an gonbidapena jaso nuen Joxan Artzeri omenaldia egiteko urteurrenaren sasoirako. Aukera baliatu nuen Enrike Hurtadorekin aritzeko, arrazoi hauengatik. Enrike Hurtadoren musika ibilbidea software garapenari lotuta dago. Berak sortutako programak baliatuta Azunak eta Bazterrak bakarkako proiektuak ditu. Elkarlan honetarako txalaparta modu interaktiboan jotzeko garatutako softwarea eta feedback eta droneak sortzeko beste programa batzuk erabiltzen ditu".
Izen ematea: uztailaren 13ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.

Uztailak 22, osteguna
22:00 Aire Ahizpak Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "Aire Ahizpak taldea, Urepeleko hiru ahizpek osatua da. Miren, Amaia eta Paxkalin, Xalbador bertsolariaren bilobak dira eta etxekoengandik, familia giroan ikasitako bertsoak, kantu herrikoiak, Ez Dok Hamairu taldeko kantuak ematen dituzte. Duela 6 urte bat, “Bidexka” diskoa plazaratu dute Erroa argitaletxearekin. Horretan, Sébastien Desgrans musikariaren laguntzarekin, Mixel Labegerie, Eñaut Etxamendi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete eta Xalbadorren hitzak eta kantuak aurkezten dituzte, naturaltasunez, interpretazioan hitzei emanez lehentasuna eta hiru botzetan harmonizatuz".
Izen ematea: uztailaren 20ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.

Uztailak 29, osteguna
22:00 Garazi Navas Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "Garazi Navas (Usansolo, Bizkaia, 1995) Musikenen lizentziatu berri den akordeoilari egonezina da, eta, nahiz eta oso gaztea izan, proiektu ugaritan hartu du parte (Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, adibidez), eta hainbat sari irabazi ditu. Beste arlo batzuetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, poesia, antzerkia, dantza edota instalazio artistikoekin, besteak beste. Gaur egun, musika garaikidearen eta musika tradizionalaren arteko loturaren inguruan ikertzen dihardu, beti interpretazioaren aldetik. Izan ere, bere ustez tradizioa eta abangoardia bere instrumentuaren, akordeoiaren bi aurpegiak dira, gutxitan aldi berean agerian jartzen direnak. Usurbileko kontzertu honetarako, Mikel Laboaren harira, hau ere tradizio eta abangoardiaren arteko bitartekari ezin hobea izan zenez, honen kantuen moldaketak ere joko ditu gaiarekin lotutako beste gauza batzuen artean".
Izen ematea: uztailaren 27ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.


Edukiera: 78 lagun.
Oharra: giro euritsua bada, kontzertua Sutegin izango da.
Antolatzailea: Laboaren Uzta.