Levon Aronian xakeko maisua Usurbilen izan zen atzo

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 12:35
Levon Aronian eta Iñaki Larrañaga, Kaffako nagusia

San Fermin Mundiala xake-txapelketa azken fasean sartu da. Nazioarteko jokalaririk onenak Iruñean dira egunotan. Tartean da Levon Aronian armeniarra, bosgarrena maisu handien rankingean. Atzo Usurbilgo Kaffan izan zen gosaltzen. Senide bat omen du Aginagan bizitzen.

San Fermin Mundiala duela hilabete batzuk hasi zen. Sailkapeneko lehen lau jokalariak maisu handiekin lehiatuko dira egunotan: Norvegiako Magnus Carlsen xake jokalariarekin (lehenengoa munduko sailkapenean), Txinako Ding Lirenekin (hirugarrena), Armeniako Levon Aronianekin (bosgarrena) eta Amerikako Estatu Batuetako Wesley Sorekin (bederatzigarrena). 

 

Larunbatean, Magnus Carlsen aurkako norgehiagoka

Larunbat honetan Iruñeko Udalak harrera egingo dio Norvegiako Magnus Carlseni, xakeko munduko txapeldunari. Egun horretan bertan, Magnus Carlsenek online jokatuko ditu final-laurdenak La Perla Hoteleko Ernest Hemingwayren logelatik, horretarako antolatutako txapelketa handietan sailkatzen diren lau jokalarien eta munduko eliteko hiru gonbidaturen aurka: Ding Liren (Txina) munduko hirugarrena, Levon Aronian (Armenia) munduko bosgarrena eta Wesley So (Amerikako Estatu Batuak) munduko bederatzigarrena.

Udaletxean, Magnus Carlsen eta Javier Habansen arteko partida jokatuko da. Ekitaldiaren ondoren, San Fermin Mundiala xake-txapelketaren antolatzaileek Urteko Giria saria emanen diote Magnus Carlseni.

 

Uztailaren 14an, Xakearen entzierroa

Txapelketa “Xakearen entzierroarekin” amaituko da, uztailaren 14an, eta bertan 80 xake-taula jarriko dituzte San Domingo kaleko eskorten eta Zezen Plazaren artean.