Usurbil K.E.-ren bilera gaur, zuzendaritza talde berriaren osaeraz

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 9a, 08:00

Zuzendaritza berria osatzeko bilera deitu du Usurbil Kirol Elkarteak ostiral honetarako, uztailaren 9rako 19:30etan Potxoenean.

"Egoera ez da batere samurra". Hala dio Usurbil Kirol Elkarteak NOAUA!ra helarazitako oharrak. Eskubaloi taldeen bilguneak bizi duen testuinguruaz ari dira. SOS deia plazaratu dute hedabide honi helarazi dioten oharrarekin. "Gure klubak zure laguntza behar du!", dio.

Azken urteotan aipatu herriko kirol elkarteak "bere lana bukatutzat eman du", berri eman dute. Ondorioa argia da, "zuzendaritza berria sortu beharra dago". Ezinbestekotzat jotzen dute eskubaloi kluba bideratuko duen talde berria osatzea, "gure seme-alabek euren kirolaz goza dezaten eta kluba ez dadin desegin".

Usurbil Kirol Elkarteak bizi duen egoeraz hausnartu eta zuzendaritza talde berria sortzera begira, bilera deitu dute ostiral honetarako, uztailaren 9rako, arratsaldeko 19:30etan Potxoenean. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute Usurbil K.E.-etik. "Denon laguntza beharrezkoa da; beraz, animatu eta parte hartu proiektu berri honetan. Etorkizuna dago jokoan!".

Usurbil K.E.-ren oharra
"Gure klubak zure laguntza behar du! Usurbil Kirol Elkarteak bizi duen egoera ez da batere samurra. Aurtengo zuzendaritzak bere lana bukatutzat eman du. Hori dela-eta, zuzendaritza berria sortu beharra dago. Dakizuen bezala, hau ezinbestekoa da gure seme-alabek euren kirolaz goza dezaten eta kluba ez dadin desegin. Horregatik, egoeraz hausnartzeaz gain, bilera bat egiteko asmoz gabiltza zuzendaritza berria sortzeko, datorren uztailaren 9an 19:30tan Potxoenean. Denon laguntza beharrezkoa da; beraz, animatu eta parte hartu proiektu berri honetan. Etorkizuna dago jokoan! Mila esker".