Laboaren Uztaila

Ibon Rg eta Enrike Hurtadoren osteguneko emanaldirako izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 08:11

Laboaren Uztaila zikloko bigarren kontzertua ostegunean, uztailaren 15ean gaueko 22:00etan Mikel Laboa plazan. Ibon Rg eta Enrike Hurtadoren emanaldia ikusteko aukera izango da. Hitzordurako izena emateko azken eguna duzue astearte hau, usurbilkultura.eus plataforman.

6. LABOAREN UZTAILA
Uztailak 15, osteguna
22:00 Ibon Rg eta Enrike Hurtado Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "IbonRG (Sestao, 1978) eta Enrike Hurtado (Sodupe, 1973). IbonRG hainbat proiektutan aritutako musikaria da (Eten, Xabier Montoia, Mursego, Txaranga Urretabizkaia). Bakarkako ibilbidean ahotsa du tresna nagusi, batzuetan a capella, bestetan pianoak lagunduta. 2018an gonbidapena jaso nuen Joxan Artzeri omenaldia egiteko urteurrenaren sasoirako. Aukera baliatu nuen Enrike Hurtadorekin aritzeko, arrazoi hauengatik. Enrike Hurtadoren musika ibilbidea software garapenari lotuta dago. Berak sortutako programak baliatuta Azunak eta Bazterrak bakarkako proiektuak ditu. Elkarlan honetarako txalaparta modu interaktiboan jotzeko garatutako softwarea eta feedback eta droneak sortzeko beste programa batzuk erabiltzen ditu".
Izen ematea: uztailaren 13ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.

Uztailak 22, osteguna
22:00 Aire Ahizpak Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "Aire Ahizpak taldea, Urepeleko hiru ahizpek osatua da. Miren, Amaia eta Paxkalin, Xalbador bertsolariaren bilobak dira eta etxekoengandik, familia giroan ikasitako bertsoak, kantu herrikoiak, Ez Dok Hamairu taldeko kantuak ematen dituzte. Duela 6 urte bat, “Bidexka” diskoa plazaratu dute Erroa argitaletxearekin. Horretan, Sébastien Desgrans musikariaren laguntzarekin, Mixel Labegerie, Eñaut Etxamendi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete eta Xalbadorren hitzak eta kantuak aurkezten dituzte, naturaltasunez, interpretazioan hitzei emanez lehentasuna eta hiru botzetan harmonizatuz".
Izen ematea: uztailaren 20ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.

Uztailak 29, osteguna
22:00 Garazi Navas Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "Garazi Navas (Usansolo, Bizkaia, 1995) Musikenen lizentziatu berri den akordeoilari egonezina da, eta, nahiz eta oso gaztea izan, proiektu ugaritan hartu du parte (Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, adibidez), eta hainbat sari irabazi ditu. Beste arlo batzuetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, poesia, antzerkia, dantza edota instalazio artistikoekin, besteak beste. Gaur egun, musika garaikidearen eta musika tradizionalaren arteko loturaren inguruan ikertzen dihardu, beti interpretazioaren aldetik. Izan ere, bere ustez tradizioa eta abangoardia bere instrumentuaren, akordeoiaren bi aurpegiak dira, gutxitan aldi berean agerian jartzen direnak. Usurbileko kontzertu honetarako, Mikel Laboaren harira, hau ere tradizio eta abangoardiaren arteko bitartekari ezin hobea izan zenez, honen kantuen moldaketak ere joko ditu gaiarekin lotutako beste gauza batzuen artean".
Izen ematea: uztailaren 27ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.


Edukiera: 78 lagun.
Oharra: giro euritsua bada, kontzertua Sutegin izango da.
Antolatzailea: Laboaren Uzta.