Donostiako Klasikoa Usurbildik ere igaroko da

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 08:00

40 urte bete dituen nazioarteko kirol probako parte hartzaileek Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dute uztailaren 31n.

Covid19ak iaz etendako Donostiako Klasikoa ere bueltan da aurtengo udan. 224 kilometro luze izango ditu uztailaren 31n ospatuko den proba entzutetsuak. Herrialdeko kostaldea zeharkatuko dute lehenik txirrindulariek, 6 mendate igo beharko dituzte, baita hainbat udalerri ere; tartean Usurbil. 

Donostiako Alderdi Ederretik 11:30ak pasatxoan abiatu eta Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean amaituko da, 17:30-18:00 artean. Donostiatik zuzenean Usurbilera helduko dira txirrindulariak N-634 errepidetik barrena, 12:05 aldera. Usurbildik Aginagara joko dute gero eta handik Oriorantz.

Edizio honek 2019koak baino 2 kilometro gutxiago izango dituela ohartarazi du antolakuntzak, "baina beste edizio batzuetakoa bezain gogorra izango da. Ikuskizuna bermatuta dago", iragarri dute.