Ospitaleetarako autobusik ez, Hernani aldera joateko eskaintza berritua

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 14a, 11:13

Buruntzaldeko Lurraldebus zerbitzuen emakida berria martxan du hilabete hasieratik Gipuzkoako Foru Aldundiak. Autobusak berritzearekin batera, besteak beste, lineen izendapenak berritu dituzte. Aipatu moduan, ospitaleetara joateko linea ezabatu eta Hernani alderako zerbitzuaren ordutegia berritu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurraldebuseko lineen emakida sarea berrantolatu zuen 2015ean, Buruntzaldekoa izan ezik. Eskualde honetakoa orain berritu dute. "Lurraldebus sarearen emakida-sistema osatuko da, eta flota berritua, modernoa eta mugikortasun jasangarriaren egungo irizpideen arabera diseinatua izango da", Aldundiaren esanetan.

Emakida berriak "30 autobus hibrido izango ditu estreinatzeko: 10,15 metrokoak izango dira eta 53 eserleku, 17 zutik eta gurpildun aulkientzako 2 gune izango dituzte. Beste 20 autobusek 12,75 metro izango dituzte, 41 pertsona eserita, 27 zutik eta gurpil-aulkientzako 2 gune. Flota osatzeko, 10 urte baino gutxiagoko 11 autobus subrogatuko ditu aurreko enpresa emakidadunak".

Guztira, "Buruntzaldeko emakida berriak 18 linea erregular, iraunkor eta erabilera orokorrekoak ditu, horietatik 14 egunekoak eta 4 gauekoak". Usurbil ospitaleekin lotzen zutena ezabatu dute ordea.

Hernanirako eskaintza zabalagoa
Horrekin batera, "lineen kodeak aldatuko dira, Lurraldebus izendapenari egokituz, "Lineak BU kodifikazioarekin identifikatuko dira". Orain arte Usurbil Hernanirekin lotzen zuen T6 zerbitzuak BU10 izendapena du hilabete hasieratik.

Eta aldaketa gehiago ere bai, ordutegian zenbait aldaketa txertatuko ditu. Orain arte, astelehenetik larunbatera 7:15-21:15 artean 60 minuturo abiatzen zen Usurbildik Hernanirantz autobusa (10:15ekoa eta 17:15ekoa Lasarte-Oriara arte soilik), igandeetan ere bai 15:15-21:15 artean (17:15ekoa Lasarte-Orirara arte soilik). Hernanitik Usurbilerantz berdin, astelehenetik ostiralera 60 minuturo 7:45-21:45 artean (10:45ean eta 17:45ean izan ezik), igandeetan 15:45-21:45 artean (17:45ean izan ezik).

Gaurtik aldiz, zerbitzua indartuko dute. Astetartean, 7:45ean eta 22:15ean ere autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Larunbatetan, 20:45ean ere autobus zerbitzua izango da. 

Usurbildik
Astelehenetik ostiralera: 7:15, 7:45, 8:15-22:15 artean 60 minuturo.
Jai egunak ez diren larunbatetan: 60 minuturo 7:15-20:15 artean. Azken zerbitzuak: 20:45, 21:15, 22:15.
Igande eta jai egunetan: 60 minuturo 15:15-21:15 artean.

Hernanitik
Astelehenetik ostiralera: 7:45, 8:15, 8:45-22:45 artean 60 minuturo.
Jai egunak ez diren larunbatetan: 60 minuturo 7:45-22:45 artean.
Igande eta jai egunetan: 60 minuturo 15:45-21:45 artean.

Gaueko zerbitzu gehiago
Momentuz udako ordutegia ez du martxan Lurraldebusek. Covid19aren testuingurua ari da baldintzatzen hilabeteotan, gaueko azken autobus zerbitzuen ordutegiak. Gaurkoz, jardueren amaiera edo itxiera goizaldeko 2:00etan dago finkatua. Gauetako autobus eskaintza honenbestez, asteburuetan, goizaldeko 3:00ak arte luzatua dute ekaina amaieratik.

Ostiraletan: 
Zumaia-Donostia, azken zerbitzua: 23:00 (23:40 aldera Usurbilen). 
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:15 (23:45ean Usurbilen), 00:00 (00:30ean Usurbilen), 01:00 (1:30etan Usurbilen).

Larunbatetan:
Zumaia-Donostia, azken zerbitzuak: 23:00, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (23:40, 00:40, 1:40, 2:40, 3:40 aldera Usurbilen).
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:30, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (00:00, 00:30, 01:30, 02:30, 03:30 aldera Usurbilen).

Informazio gehiagorako: 
900 300 340
lurraldebus.eus









Euskotren

Ekainaren 21etik, indarrean du Euskotrenek udako ordutegia. Aurreko urteetan bezala, asteburu eta jai egunetan Usurbil zeharkatzen duen Donostia-Zumaia ibilbidea osatzen duen trenak zerbitzua indartuko du. Urtean zehar orduro izaten da Oriorantz nahiz Gipuzkoako hiribururantz joateko trena, udako asteburuetan ordea, larunbat, igande eta jai egunetan, 30 minuturo eskainiko du zerbitzua EuskoTrenek, 13:50-20:50 artean. 

Informazio gehiagorako:
944 333 333
euskotren.eus