Buruntzaldeko autobus zerbitzuei buruz Aldundiko bilerak emandakoren berri 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 10:57

Usurbil ospitaleekin lotzen duen autobus zerbitzua ezabatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdean sustatutako esleipen berriak. Zeresana eman eta hainbat kexa eragiten ari den gaiaz hitz egiteko bilera irekia deitu du Usurbilgo Udalak ostegun honetarako, uztailaren 15erako 19:00etan Sutegin. Ostegun goiz honetan bertan, eskualdeko udal ordezkariek Foru Aldundiarekin izandako bileran gertatutakoaren berri emango du Udalak hitzordu honetan.

Uztaila hasieratik Buruntzaldeak autobus zerbitzu sare berritua du, urteetako esleipen prozesua amaitu ostean. Baina kexarik ere eragin du inguruotan. Egun, Zumaia-Donostia arteko linea dugu batetik, Usurbil Hernanirekin lotzen duena bigarrenik, eta azkenik, udalerri honetatik ospitaleetara igotzeko aukera bermatzen zuena azkenik. 

Hirugarren hau, premiazko osasun zerbitzuetara heltzea ahalbidetzen zuen autobus zerbitzua ezabatu dute. Esleipen berri honek ekarritako aldaketek eragin dute, aurrerantzean, Usurbildik ospitaleetara igo nahi dutenek, lehenbizi Usurbildik Lasartera autobus batean bidaiatu beharra, eta han bigarren bat hartu beharra aipatu osasun eremura heltzeko. 

"Ezinegona sortu du herrian"
Aipatu moduan, kexak eragin ditu aldaketa honek, zeresana ere ematen ari da. Usurbilgo Udalak gai honen inguruko bilera irekia deitu du ostegun honetarako, uztailaren 15erako, arratsaldeko 19:00etan Sutegin. "Ostegun honetan bilera ireki batera deitu ditugu herritarrak, Diputazioak Buruntzaldean martxan jarri duen autobus-zerbitzu berriaz aritzeko. Usurbil eta ospitaleak lotzen dituen linea kendu izanak ezinegona sortu du herrian, eta kexak ugaritzen ari dira", azpimarratu du hain zuzen sare sozialen bidez, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Usurbilgo Udaletik gogorarazi dutenez, "lizitazioa martxan orain jarri badute ere, duela zenbait urte abiatu zen prozesua, eta orduan ere kexa ugari izan ziren. Eskualdeko beste herri batzuetan gertatu bezala, Usurbilen ere Udalak eta 2.000 herritarrek alegazioak jarri zizkioten prozesuari, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zituen kontuan hartu".

Langileak ere kexu
Denbora tarte honetan, erabiltzaileak kexu agertu izan dira, baita autobusetako gidariak ere. Zerbitzu publiko berria erabat esleitua izan arte, Buruntzaldean autobus zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei bere hitzarmenak negoziatu ahal izatea ez dietela baimentzen salatu zuten 2019. urte hasieran. 

Buruntzaldeko garraio zerbitzu publikoa esleitzeko emakida berria atzeratzeak arduratzeko moduko ondorioak zekartzala ohartarazi zuten, "honek suposatzen baitu langileek ezin dituztela beraien enpresetako hitzarmenak negoziatu eta autobusak hondatuak egotea, hauek ez baitira aldatzen, erabiltzaileengan eragozpenak eta kalteak eraginez". Atzerapen honek autobus zerbitzuetako langile eta erabiltzaileak ezin dituztela eragin nabarmentzen zuten. Eta langileon eskaria honenbestez, argia zen; emakida berria martxan egon ez arren, Foru Aldundiak har zitzala zegozkion erantzunkizunak bere gain eta "kalitatezko zerbitzu publiko bat berma dezala langile nahiz erabiltzaileentzat". 

Kontuan hartu ez ziren alegazioak
Eskualdeko udalak ere kalitatezko zerbitzu publikoaren alde ere mobilizatu ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko plangintzaren aurka. 2017. urteko udazkenean, autobus zerbitzuak murrizteko Aldundiaren aurreproiektua bertan behera utzi eta konponbide adostu bat eskatu zuten, Usurbil, Andoain eta Hernaniko alkateek. Aurreproiektu hartan, Usurbil Hernanirekin lotzen zuen autobus zerbitzuan Santuenea eta Zubietako geltokiak ezabatzea proposatzen zen, eta Usurbil ospitaleekin lotzen zuena osorik etetea. Herritarrei alegazioak aurkezteko aukera eskaini zitzaien.

Aipatu moduan, 2.000 alegazio aurkeztu arren gerora Foru Aldundiak ez zituen kontuan izan.