Buruntzaldeko autobus zerbitzu duinen alde sinatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 16a, 12:01

Ezabatu duten ospitaleetako autobus zerbitzua berreskuratzeko eta oro har, eskualdeko bus zerbitzuaren egoeraz aritzeko bildu ziren hainbat herritar eta udal ordezkari ostegun honetan Sutegin.

Kezka eta haserrea eragin dute Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan izan diren murrizketek. Gogoan izan, uztailaren 1az geroztik martxan da eskualdeko esleipen berria. Usurbili dagokionez, ospitaleetara genuen zerbitzua guztiz ezabatu dute. Hernanira doanari eutsi diote, eta zenbait orduetan zerbitzua indartu du baita Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Murrizketon aurrean, kexa ugari jaso ditu Usurbilgo Udalak azken asteotan. Horren harira bilera irekia deitu du ostegun honetan, uztailaren 15ean Sutegi atarian. Herritar talde bat mobilizatzen hasia da; bere kontutik, herriko hainbat establezimenduetan jarritako orrietan, lau egunetan soilik 800 sinadura baino gehiago bildu dituzte ospitaleetako autobus zerbitzua ezabatzearen aurka. 

Gogora dezagun, zerbitzu hau osasun eremu horretara lanera doazen hainbat herritarrek, nahiz probak egin edota gaixo duten norbait zaintzera doazenek erabiltzen dute. Udal gobernu taldetik Sutegi atariko osteguneko bileran zioten moduan, "guretzako ez da edozein linea, izaera soziala duen zerbitzua da". Oinarrizkoa. Eta sarritan gertatu ohi den moduan, sektore zaurgarrienak dira kaltetuak. Kasu honetan, "lanera edo zaintza lanetara doazen emakumeak dira murrizketen pairatzaileak", udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez.

Halako autobus zerbitzu batean egokitzapenak egitea erabakitzerakoan, halako erabaki bat "ezin da irizpide ekonomizista batean oinarritu", gaineratu zuten, herritarren kezka eta haserrea partekatzearekin batera. Haserrea gainera ez da udalerri mailakoa, "eskualde osokoa" baizik. Sutegiko bilera irekian esanguratsutzat jo zituzten murrizketak aplikatu dira eskualde ia osoan.

Irailean "berrezartzeko" asmoa
Egoera aldatu litekeela ere adierazi zuten, nahiz adi jarraitzeko beharra ikusten duten. Sutegiko bilera irekia baino ordu batzuk lehenago, eskualdeko udal ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundikoekin bildu ziren. Bilera haren zenbait xehetasun eskaini zituen udal gobernu taldeak, kultur etxe atarian. Diputazioak ospitaleetako linea berrezartzeko borondatea agertu du antza irailetik aurrera. Ordura arte itxaron gabe, udan ere beharrezko zerbitzua dela agertu diote eskualdeko udal ordezkariek, baina jaso duten erantzuna horixe duzue; ospitaleetako linea irailetik aurrera berrezartzeko borondatea agertu duela Foru Aldundiak. Kezka dute udal gobernu taldetik, borondate hori nola gauzatuko duten uda ostean. Antza ez da lehen bezala eskainiko. "Ordutegiaren araberako antolaketa ezberdina" bideratzekotan da Aldundia edota, "beharren arabera funtzionatzea". Edozein moldaketa egin aurretik, proposamena idatziz udalei helarazteko asmoa agertu dute Aldunditik.

Egunotan sortu diren atzerapenak antza lehenago, datorren astetik aurrera konponduta egongo direla ere ziurtatu zaie eskualdeko udal ordezkariei Foru Aldunditik. Baina aipatu moduan, honek ez du konpontzen egun eskualdeak garraio zerbitzuekin dituen gabeziak; "egoera prekarioa da", nabarmentzen dute udal gobernu taldetik. Ospitaleetako linea kentzearekin batera, eskualdeko hainbat herrirekin loturik ez du Usurbilek. 

Sinadura bilketa eta mozioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 1ean indarrean jarritako murrizketen aurrean gainera informazio falta nabaria egon dela ere agerian jarri zuten Sutegiko bileran. Udalei ere ez zaiela ezer jakinarazi adierazi zuten udal gobernu taldetik.

Egoera honen aurrean, herritar talde batek abian jarritako sinadura bilketa lagundu asmo du Usurbilgo Udalak. Ospitaleetako linea berrezartzea eskatzeko atxikimendua emateko aukera izango da udal azpiegiturotan; udaletxean bertan, Sutegin, Oiardo Kiroldegian eta Potxoenean. 

Sinadura bilketarekin batera, mozioa erregistratu dute udaletxean. Datorren astearteko, uztailaren 20ko udalbatzarrean bozkatuko dute. Eragiten segi beharra azpimarratu zuten udal gobernu taldetik. "Herri bezala eragiten digu" eta.