#udalbatzarra

Udal aurrekontuen exekuzio maila, martxa onean

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 08:17

Diru sarreretan exekuzio maila %57koa izatera heldu da, gastuena %36koa. "Ondo goaz momentuz" zioen udal kontuhartzaileak iragan astearteko udalbatzarrean. 

Iragan astearteko (uztailak 20) udalbatzarrean aztertu zituzten gaien artean bi, diru kontuei lotutakoak izan ziren. Aurrez, maiatza amaieratik ekainaren 3ra arte zabalik izan zuten epearen baitan erreklamaziorik egon ez zenez, 2020ko Kontu Orokorra onartu zuten gehiengo osoz, EHBilduren eta PSE-ren babesarekin. EAJ abstenitu zen. 

Bestetik, hiruhilero egiten duten moduan, udal aurrekontuen exekuzio mailaren berri eman zuen udal kontuhartzaileak. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi behar izaten dion informazioa da honakoa eta unea baliatzen dute baita, udalbatzarrean gai honen berri emateko. Hasieraz onarturiko udal aurrekontua 12.894.050 eurokoa zen, txertaketak eginda 15.579.092,92 eurokoak izatera heldu dira.

Diru sarrerei dagokionean, hasierako udal aurrekontuen zenbakia kontuan hartuta, %69ko exekuzio mailan dira, gerora egin diren txertaketak aintzakotzat hartuta, %57koa da exekuzio maila. Gastuekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Hasierako udal aurrekontuen kopurua kontuan izanda, exekuzio maila %43koa da, %36koa gerora egin diren txertaketak kontuan izanda.

Martxa onean doa udal kontuhartzailearen arabera, udal aurrekontuen exekuzio maila. "Ondo goaz momentuz, halere garaiz da oso urte amaierara nola helduko garen aurreikusteko", zioen Xabier Olanok uztailaren 20ko osoko bilkuran. Gastuena diru sarrerena baino baxuagoa baina datozen hilabeteotan nabarmen hazi likete. Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanak esleitzen direnean; 2 milioi euroko inbertsioaz ari baikara.