#udalbatzarra

Udal ordezkaritza aldaketa, zenbait erakundeetan

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 07:02

Berriki udal gobernu taldean izan den zinegotzi aldaketak, Udalak zenbait erakundeetan duen ordezkaritza aldatzea eragin du.

Maiatzaren 27ko udalbatzarrean kargua hartu zuen Ainhoa Arrozpide Landa egun EHBilduren zinegotzi denak, aurrez kargua utzi zuen Aroa Etxeburua Ugartemendiaren ordez. Zinegotzi aldaketarekin, udal ordezkaritza ere aldatu egin da beste zenbait erakundeetan. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) Arrozpide izango da ordezkari berria, orain arte bertan ziren Agurtzane Solaberrieta, Oxkar Santamaria eta Luken Arkarazorekin batera. Ordezkoek orain arteko berak izaten segiko dute; EHBilduko eta udal gobernu taldeko kide diren Beñat Larrañagak, Lur Etxeberriak, Itziar Basterrikak eta Joxe Mari Iribarrek.

Euskal Fondoari dagokionean, Itziar Basterrika izango da Udalak erakunde honetan izango duen ordezkari berria. Ordezkoa zen orain arte. Agurtzane Solaberrietak egingo luke beharko balitz, ordezkapen lana tokiko euskal erakundeen bilgune horretan. Aldaketa hauek gehiengo osoz onartu zituzten uztailaren 20ko udalbatzarrean; EHBilduk alde bozkatu zuen, EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Horrez gain, udal barruan ere izango da aldaketarik. Aurrerantzean alkatetzaren esku geratuko da, Parekidetasun eta Aniztasun Batzorde Informatzailea. "Ez da aldaketa soila" zioen astearteko udalbatzarrean alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Usurbilgo udal politiketan zeharlerroak diren aniztasun eta parekidetasun sailak alkatetzaren esku geratuta, "beste zentralitate bat" izango dute eguneroko udal jardunean. "Gure zeharlerrotasunean sakontzeko urratsa" izango da, alkatearen esanetan. Solaberrieta bera izango da, batzorde informatzaile honen lehendakaria.