#udalbatzarra

Erantzukizun maila handiagoa izango du Udalak herriko ur-horniketa sisteman

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 23a, 09:00

Hala berri eman zuten astearteko (uztailak 20) udalbatzarrean. Usurbilgo Udalak eta Añarbe Mankomunitateak sinatu beharreko hitzarmen berria onartu zuten osoko bilkuran.

Herriko ur-horniketa sistemarekiko erantzunkizun maila handiagoa izango du Usurbilgo Udalak aurrerantzean; sistema osoaren kontrol eta zaintza ardura Udalarena izango da. Hala berri eman zuten asteartean (uztailak 20) egin zuten udalbatzarrean.

Orain arte, ur-horniketaren zati bat, Udalaren zaintzapean zen, bestea Añarbe Mankomunitatearen ardurapean. Egoera hau aldatuko duen zortzi urterako hitzarmena sinatzea onartu zuten aste hasierako osoko bilkuran gehiengo osoz, EHBildu eta PSE-ren babesarekin. EAJ abstenitu zen. Onarturikoa hain zuzen, "udal titulartasuneko hornidura-sistemen kontrol eta zaintza unitate berriari laguntzeko jarduerak egiteko kudeaketa agindurako hitzarmena" da hain zuzen, Udalaren eta Añarberen artean sinatuko dena. 

Halere hilaren 20ko udalbatzarrean udal gobernu taldetik argitu zutenez, "zeregin eta betebehar aldetik berdin segiko dugu". Udala izango da bai arduraduna baina uraren kontrola, analitikak Añarbek egiten segiko du. Horrez gain, urtero barne auditoria bat egingo zaio udalari, udal gobernu taldearen esanetan, "lagungarria" izango dena.

Usurbilez gain, Añarbe Mankomunitatearen barruan dauden beste zenbait udalerrietan ere antzeko urratsak ematen ari dira. 

Erroizpetik gehiago edateko erronka
Gai honi lotuta gainera, badu udal gobernu taldeak pandemiagatik atzeratzen ari den etorkizunerako erronka bat; herriko ur sisteman inbertitzea, herriko ura ahalik eta gehien erabiltzea udalerria hornitzeko. Erroizpe presako ura erabiltzea hain zuzen herriaren %80a hornitzeko. Horrek ordea, inbertsio bat bideratzea eskatzen du: presan filtrazio sistema bat ezartzea. Inbertsio hauxe bideratu nahi dute, astearteko udalbatzarrean berri eman zutenez. "Proiektua eginda dago, ahalik eta azkarren" heldu nahi diote gaiari.