Gai zerrendako puntu zehatz bat zirudiena, hausnarketarako gaian bilakatu zen uztailaren 20an egin zuten udalbatzarrean. "Azken urteetan egoniko lege aldaketek lanpostuaren funtzioak areagotu besterik ez dituela egin" ikusita, udal idazkari orokorraren lanpostuari "%15eko dedikazio bereziko berariazko osagarria ezartzea" onartu zuten aho batez hiru udal taldeek osoko bilkuran. Baita honenbestez, 2021erako onartua zuten Lanpostuen Zerrenda egokitzea ere. Egungo "6,5 orduko lan jarduna" ez da aski udal gobernu taldearen esanetan, "herri honen lan zamari erantzuteko". Lanpostu honek eskatzen duen dedikazioa ordutan zenbatu nahi izan dute, "24 ordukoa baita". Hortik udalbatzarrak hartutako erabakia.
Horrekin batera, beste puntu batean "Udaleko langileen lansariak %0,9 igotzea" onartu zuten baita aho batez. Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) aholkaturiko igoera" da honakoa hain zuzen, udal gobernu taldearen esanetan, "atzeraezintasunez aplikatuko den erabakia".
10-12 langile aldaketa sei hilabeteko tartean
Gaion bueltan ordea kezka plazaratu zuten udal langileen eta udal gobernuaren aldetik. Gorabehera dezente izan dira azken urteotan udal idazkariarekin, zehazkiago udal idazkari bat aurkitzeko zailtasunak izan ditu Udalak. Lan-poltsa ere zabaltzera heldu zen Udala; baina pentsa, 80 izen emate izan ziren, azterketetara aldiz 16 hautagai baino ez ziren aurkeztu, astearteko udalbatzarrean berri eman zutenez. Hiruk baino ez zuten gainditu eta bi baino ez ziren geratu prozesuan.
Udal langileen joan etorriekiko kezka agertu du udal gobernu taldeak, horrek eguneroko jardunean sortzen dituen eragozpen eta ezegonkortasunagatik. Datu bat; sei hilabeteetan, 10-12 langile aldaketa izan ditu Udalak, "udal sail guztei" eragin diete aldaketok. "Kronifikatu den egiturazko arazo baten aurrean" direla adierazi zuen astearteko udalbatzarrean, alkate Agurtzane Solaberrietak.
Horregatik haratago joan nahi dute; "gure konpromisoa, egiturazkoa den udal arazoari heltzekoa, udal lanpostu bakoitzari irtenbideak topatzekoa" da alkatearen esanetan. Gaioz jarduteko Negoziazio Mahaia eratua dute.