Sareren bizikleta martxak Aginaga eta Usurbil zeharkatu ditu

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 24a, 12:53

Euskal presoak etxeratu eta auzi honi behin betiko irtenbidea ematea eskatu du, larunbat goiz honetan Usurbilek zeharkatu duen bizikleta martxarekin.

"Ibilian ibilian, etxerako bidean" udako kanpainaren baitan, bizikleta martxa batek Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatu ditu azken hiru egunotan. Larunbat honetako hirugarren eta azken etapak Usurbil. Goizeko 10:30en bueltan heldu dira N-634 errepidetik barrena Aginagara lehenik eta gero, Usurbildik igaro dira errepide beretik. Euskal presoak etxeratzearen aldeko oihu artean zeharkatu dute Atxegalde ingurua. Hego Euskal Herritik ibilitako bizikleta martxa Donostian amaituko da gaur, uztailak 24. 

Zumaian hasi dute azken etapa hau, ostegunean Nafarroako Garestik Arabako Oionera joan eta ostiralean Bizkaiko Sopelatik abiatu eta Mundakara heldu ostean. Guztira, 194 kilometroko martxa euskal presoen auziari behin betiko irtenbidea ematea eskatzeko.

Sarek uda parte honetarako deitutako mobilizazioek ez dute etenik izango hurrengo asteotan. Hilero azken ostiraletan elkarretaratzea izango da Mikel Laboa plazan. Eta abuztuko lehen igandean, hondartzetara gerturatzeko deia egin dute.

DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Uztailak 30, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa Mikel Laboa plazan.

Abuztuak 1, igandea
12:00 "Salbuespen politikari stop!" elkarretaratzeak hondartzetan. Usurbildik gertuen Orion, autopista azpian.

Abuztuak 27, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Sare.