Gregorio Arbeloa margolaria zendu da

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 4a, 11:22

Gregorio Arbeloa Irigoyen margolaria zendu zen abuztuaren lehenean. Astearte honetan egin dira bere aldeko hileta elizkizunak Salbatore Parrokian. 

Urte luzez Usurbilen bizi arren Atarrabian (Nafarroa) jaio zen duela 80 urte, 1941. urtean. Arte grafikoen eremuan abiarazi zuen bere sorkuntza ibilbidea. 1957. urtean Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan murgildu zen eta handik 1961ean Gipuzkoako Artisten Elkartera. Estreinakoz 1975. urtean jarri zituen ikusgai bere sorkuntza lanak Donostian. Euskal Akuarelarien Elkarteko kidea zen, bilgune honen bidez hainbat erakusketa antolatu izan ditu Euskal Herri luze zabalean.

Margolari kostunbrista, landa eremu nahiz hirigunea islatzea gustuko zuena. Sortze lan eder askoak eginak ditu; tartean, bizileku zituen inguruok erretratatu izan ditu. Usurbil Bizkarre ingurutik, Urdaiaga, Zubietako errebote partida, Dema plaza...

Bere sortze lan bat baino gehiago albiste honi atxikitako bideoan ikus ditzakezue edota blog honetan: http://arbeloagregorio.blogspot.com