Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumenaz udalbatzarra asteartean

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 10:52

Ezohiko izaera izango du, ohiko saioak hilero azken ostegunetan izaten baitira.

Ikasturte berria hemen da. Ikastetxeak 2021-22 denboraldiari ekitear dira; tartean, Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketa. Ikastetxe hau hizpide izango dute, datorren astearterako, irailaren 7rako deitu duten ezohiko udalbatzarrean. "Usurbilgo Udalak Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako eskumenaren eskuordetzea onartzea", ahotan hartuko dute udal ordezkariek, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

Gogoan izan, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak bi prestakuntza-ziklo eskaintzen ditu; Oinarrizko Lanbide titulua sukaldaritza eta jatetxe arloan; eta Oinarrizko Lanbide titulua ile -apainketa eta estetika arloan.

Ezohiko izaera izango du udalbatzarrak, ohikoak hilero azken ostegunetan izaten baitira. Galdera-eskaerentzako tartea zabalduko da aipatu hezkuntza arloko gai hau jorratu eta bozkatu ostean. 

EZOHIKO UDALBATZARRA
Eguna: irailak 7, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-Usurbilgo Udalak Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako eskumenaren eskuordetzea onartzea.
2-Galdera-eskaerak.