Irailaren 6a, ikasturte hasiera

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 09:05

Amaitzear den udako oporraldiaren lekukoa hartuko du, astelehenetik aurrera martxan izango den ikasturte berriak; besteak beste ikastetxeetan edo Zumarte Musika Eskolan.

Amaitzear dute oporraldia, abiatzear 2021-22 ikasturte berria. Jada langileak itzuli dira, ikasleen zain dagoeneko. Datorren astelehenean, irailaren 6tik aurrera abiatuko da ikasturte berria hezkuntza gune ezberdinetan. Aginagako eta Zubietako Eskolei aurre hartuz, Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleak izango dira itzultzen lehenak. Astelehen goizeko 11:00etarako finkatu diete aurkezpen saioa. Biharamunean, irailaren 7an HH eta LH-koen txanda; 9:00etan bueltatuko dira ikastolara.

Adi, astelehenean bertan, irailaren 6an abiaraziko baitu baita ikasturte berria Zumarte Musika Eskolak. Klase eta entsegu saioei berrekingo die, asteburu hau igaro ostean. "Ez ahaztu! Irailaren 6an astelehena, hasten gara!", ohartarazi dute zumarte.eus bidez. Dagoeneko lanera itzuliak dira musika eskolan. "Dagoeneneko lanean hasita gara, kurtso berria antolatzeko bilerak egin, aldaketa batzuekin lanean jarri… eta irailak 6ean 2021-2022 ikasturteari hasiera emango diogu!", iragarri dute.

Klaseen ordutegiei lotutako pare bat ohar plazaratu ditu Zumartek; "Musika txokoa, musika mintzaira eta Abesbatzetako ordutegiak ikusteko, hemen klikatu eta gogoratu, instrumentuko ordutegiak ikasleekin batera behin-behineko ordutegiak bilera bidez adostutakoak izan direla".

Sutegi, ohiko ordutegian
Ikasturte berria hastearekin batera itzuliko da baita Sutegi udal liburutegia ia guztiz ohikoa duen ordutegira. Liburutegiak hain zuzen, goiz eta arratsaldeko jarduna berreskuratuko du datorren astelehenean, irailaren 6an; goizez 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-19:30 artean irekiko dute. Larunbatetan urritik aurrera zabalduko dute, 10:00-13:00 artean.