2021-22 denboraldiko kirol eskaintza

"Herritarrak aktibatzea da gure helburua"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 6a, 14:33

Herritarren artean bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko "aukerak zabaltzen eta hobetzen" jarraitzea du helburu Usurbilgo Udalak, 2021-22 denboraldiari begira prestatu duten kirol eskaintza aurkezteko jarduera fisikoetako eta kiroletako udal saileko arduradunek astelehen goiz honetan egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez.

"Herria aktibatzea da gure helburua". Erronka honen bueltan, ikasturte berriarekin batera, 2021-22 denboraldirako kirol eskaintza aurkeztu du astelehen honetan Usurbilgo Udaleko jarduera fisikoetako eta kiroletako sailak, sail honetan lanean ari diren udal gobernu taldeko kide Beñat Urdanpilletak eta udal kirol teknikari Esti Aldeiturriagak. Eta horrekin batera, azpiegituretan egin dituzten hainbat hobetze lan ere bai; "aurtengorako jarri genituen helburu guztiak betetzera goaz epeen barruan". Ildo horretan segi nahi dute, "aukerak zabaltzen eta hobetzen", erronka nagusira bidean: "herritarrak aktibo mantentzea eta aktibo ez diren horiek guregana gerturatu eta ohitura osasuntsuak" sustatzerantz alegia.

Hobekuntzak
Albiste honi atxikitako irudian duzue; Kiroldegiko sarreran harrera gune berria egokitu dute, "garai batean barruan egon eta covid19agatik itxi behar izan genuena", Larrañagak gogora ekarri duenez. "Gune honetan ere covid19 arauak bete beharko dira, ez da izango jolaserako gunea. Lasai eta errespetuz egoteko gunea" baizik.

Arlo honetan Udalak kirol azpiegituretan bideraturiko hobekuntzetako bat izan da, baina ez bakarra. Gogoan izan, urte hasieran hitzorduak telematikoki eskatzeko aukera martxan jarri zuten. "Oso modu onean funtzionatu du", eraginkortzat jo dute. Oiardotik at, Udarregin, Agerialdeko eraikineko frontoia estali dute ikastolarekin elkarlanean, uda honetan zehar bertatik igaro zaretenok ikusi ahalko zenuten moduan. "Ezker pareta konpondu eta drenaje sistema" ezarri dute. Hartara, kirol gune berri bat irabazi du ikastolak bere jarduerarako, baita Eskola Kirolerako... 

Harane fubol zelaian "klubarekin adostuta harmailak jarri ditugu", aspalditik zetorren eskaerari erantzunez. Azken konponketa lanetan dute harmailen gunea, egun gutxi barru prest izango dira.

Kiroldegira itzulita, "aurtengo inbertsio handiena", harmailen berritze prozesua martxan da, nahi baino mantsoago udal gobernu taldetik berri eman dutenez, kontratazioari lotutako epe administratiboengatik, "baina azaroan instalatuta egongo direla espero dugu". Eta erabiltzeko moduan izango dira; jada, pandemia hasieratik sarrera debekatua izan duten zaletuak kirol instalakuntzetara itzultzen hasiak baitira, egoerak baimenduta, "egoera zuzentzen doanaren seinale bat gehiago". Eskubaloi edota futbol taldeak aurredenboraldi betean dira eta jokalarion neurketez gozatzen hasiak dira beraz herritarrak.

Igerilekuko eremuan zerbitzua osagarrituko duen sauna berritua zabalduko dute laster. Leku berria estreinatuko du zerbitzu honek eta ondorioz, garai bateko kokalekuan eta hor zegoen garai bateko kudeatzaileen etxebizitzak utzitako espazioa erabilera anitzeko areto bat sortzeko baliatuko du Udalak. Eskaintza zabaldu eta "dantzako taldeari ordu batzuk eskaintzeko aukera" ahalbidetuko du.

Inkesta
Uda aurretik, erabiltzaileek Usurbilgo kirol zerbitzuak baloratzeko edota covid19 neurriez hitza hartzeko aukera izan zuten, Udalak eskuragarri jarritako inkestaren bidez. "Jasotako emaitzak oso onak izan dira", adierazi du Udaleko kirol teknikari Esti Aldeiturriagak, "eta horrek lanean jarraitu ahal izateko gogo eta indarra ematen digu". 

124 pertsonek (74 emakumeek, 40 gizonezkoek) parte hartu dute inkestan; oro har, bederatziko puntuazioa ematen diote zerbitzuari, zortzikoa covid19aren aurkako neurriei. "Gehienbat begiraleen lana azpimarratzen dute", kirol teknikariaren esanetan. Hobekuntza hainbat ere proposatzen dituzte. "Horiek egikaritzen saiatuko gara, are eta gusturago egon daitezen".

Ikasturte berria ere ildo beretik abiatuko da; covid19ari aurre egiteko segurtasun neurri berdinekin. "Erabiltzaileei eskerrak eman covid19 testuinguru honetan gugan izan duten konfiantzagatik eta erakutsi duten gogo eta errespetuagatik", adierazi die Larrañagak. Proposamen eta iritzietarako ateak zabalik dituztela gogorarazi dute.

Garai zailak izan arren, erabiltzaile kopuru handiena mantentzea lortu dutela berri eman du udal gobernu taldeko kideak, "beste herriekin alderatuta, ehuneko altuagoan" erabili dira kirol instalakuntzak edota handiagoa izan da ikastaroetako parte hartzea.