Iazko ikasturteko euskara eta aisialdiko dirulaguntza deialdien ebazpenak

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 7a, 08:17

Aurreko 2020-21 ikasturtean zehar, aisialdiko begirale edo zuzendari izateko ikastaroa egin zutenei nahiz euskara ikasten aritu zirenei zuzenduta, uda aurretik plazaraturiko diru-laguntza deialdien ebazpenak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak.

Euskara ikasteko dirulaguntzak
Iazko ikasturtean euskara ikasten aritu zirenen artean, Usurbilgo Udalaren dirulaguntza deialdira 51 eskaera aurkeztu zituzten herritarrek, ekainaren 28an hasi eta uztailaren 9ra arte finkatu zuten epearen baitan. Guztira, 23.724,93 euroko laguntza ematea ebatzi du Usurbilgo Udalak, astearte honetako (irailak 7) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkiak zehazten duenez. Bihartik, hilaren 8tik, 10 eguneko epea izango dute interesdunek, "ebazpen-proposamen honi alegazioak aurkezteko, beharrezko ikusten badute".

Aisialdiko ikastaroetako dirulaguntzak
Aurreko ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari izateko prestakuntza ikastaroren bat egin zutenei zuzenduriko dirulaguntza deialdia plazaratu zuen uda aurretik Usurbilgo Udalak. Euskarakoarekin batera, interesdunek eskabideak aurkezteko ekainaren 28tik uztailaren 9rako tartea izan zuten. Hiru izan ziren herritarrek aurkezturiko eskabideak, guztiak begirale izateko eginiko ikastaroen harira, "ez da zuzendari ikastaroekin lotutako eskaerarik jaso" argitu du Udalak, astearte honetako (irailak 7) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean plazaratu duen iragarkiak. Guztira, 540 euroko laguntza banatu du Udalak. Bihartik, hilaren 8tik, 10 eguneko epea izango dute interesdunek, "ebazpen-proposamen honi alegazioak aurkezteko, beharrezko ikusten badute".