#udalbatzarra

Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumena Udalarena, 2026ra arte

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 09:03

Hala erabaki du aho batez udalbatzak astearte honetako ezohiko osoko bilkuran.

Eguneko gai-zerrendan puntu bakarra; eta adostasuna erabatekoa. Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumena Usurbilgo Udalari eskuordetzea onartu zuen udalbatzak aho batez, astearte honetako ezohiko osoko bilkuran. Datozen bost ikasturteei eragingo die erabakiak; 2021. urte honetan hasi eta 2026. urtera arte. 

Usurbilgo Udalak jarraituko ditu eskaintzen beraz, Atallun kokatua dagoen ikastetxeko bi heziketa zikloak; ile-apainketako eta estetikako oinarrizko lanbide-titulua (ile-apainketa) eta sukaldaritzako eta jatetxe-arloko oinarrizko lanbide-titulua. 

Onarpen hau, Oinarrizko Lanbide Heziketan 2021-22 ikasturtea berria hasi bezperan zetorren. Aurreko eskuordetze hitzarmena izatez duela urtebete, 2020an amaitu zen. Pandemia tarteko, hitzarmen berria onartzeko astirik ez zen egon eta orduko hura urtebetez luzatzea erabaki zuten iazko iraileko osoko bilkuran, eta honenbestez, tarte horretan berria lantzea. 

"Hezkuntza Sailak merezi duen garrantzia ez dio ematen"
Baina 2021-22 ikasturte berria hasi bezperan onartu ahal izan dute eskumen eskuordetze hau. "Dekretu hau gaizki eta berandu kudeatu da", zioen udal gobernu taldeko ordezkari Beñat Larrañagak. Hortik, puntu bakar honekin astearte honetan deitu behar izan duten ezohiko udalbatzarra. "Hezkuntza Sailak merezi duen garrantzia ez dio ematen", Oinarrizko Lanbide Heziketari udal gobernu taldearen esanetan.

Hain zuzen, martxoko osoko bilkuran, Oinarrizko Lanbide Heziketa indartzeko neurriak hartzeari buruzko mozioa onartu zuten. Mozio hartan jada astearte honetako udalbatzarrean aipatu ziren bi eskaera plazaratu zituzten; hezkuntza eskaintza hau Udalaren eskumena izanik, erakunde honi egiten zaion ekarpena handitzea eta ikastetxeko langileen lan esperientzia, Lanbide Heziketako profesionalen berbera izatea, modu berean aintzakotzat hartzea.

Eskaerok bete gabe segitzen zuten astearte honetako udalbatzarrean adierazi zutenez; Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko finantziazio falta dutela adierazi zuten udal gobernu taldetik. "Herritarren dirua erabili behar dute udalek", zerbitzua bere osotasunean bermatu ahal izateko. Duela urtebete gogorarazi zuten moduan, "hezkuntza ez da Udalon eskumena", baina "diru ekarpena egin behar" izaten dute Udalek, "%100ean Eusko Jaurlaritzak finantzatu beharko lukeen" arren. Orain arteko bidean, hobekuntzok aldarrikatzen jarraitzeko asmoa agertu zuen udal gobernu taldetik.