Oriarteko pintada homofobo, matxista eta frankistak salatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 11a, 13:24
Argazkiaren egilea: Txintxarri.

Aste honetan Usurbil eta Lasarte-Oriako institutuan izandako pintadak irmoki salatu dituzte ostiral honetan Okendo plazan egin duten elkarretaratzean.

Ez zen lehen aldia eta berriz salatu beharrean aurkitu dira. Txintxarri tokiko hedabideak helarazitako ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan, kalera atera dira, egunotan Usurbil eta Lasarteko Oriarte institutuko patioan egin diren margoketak salatzera. Franco goratu, homosexualitatea gaixotasuna dela adierazi edota "Feminazi" zioten pintadak egin dituzte egunotan ikastetxeko patioan. Margoketa hauek ikusi eta berehala ezabatu zituzten langileek ostegun goizean. Duela hilabete gutxi antzeko egoeran aurkitu ziren, pintadekin eta auzolanean margotu zuten horman egin dituzte berriz margoketok.

"Jarrera hauen aurrean ez gara isilik geratuko!", adieraziz, ostiral honetarako, irailaren 10erako jazotakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Lasarte-Oriako Okendo plazan. "Erasoen aurrean autodefentsa feminista!" deitu dute sare sozialen bidez. 200 bat lagun bildu zituen mobilizazioan nabarmendu zutenez, "ez da lehenengo aldia Lasarteko Oriarte Institutuan horrelako margoketa faxista, matxista, sexista eta homofoboak agertzen direla".

Gertaturikoak "erakusten du biolentzia zisheteropatriarkalak egunero zeharkatzen gaituela, askotariko eraso eta biolentziak jasaten baititugu. Feminismoa intersekzionala izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu sistema honek eragiten dituen zapalkuntza oro agerian utzi, kontuan izanik eraso hauek guztiak sistema honen baitan ematen direla eta ez direla kasu isolatuak".

Eraso guztiok erantzunik gabe ez direla geratuko iragarri zuten. "Zoritxarrez, askotan bildu gara Lasarte-Oriako mugimendu feministak deituta, herrian emandako hainbat eraso salatzeko eta argi utzi nahi dugu horrelako indarkeriaren aurrean irmoki erantzungo dugula. Erasorik ez, erantzunik gabe. Gora borroka feminista!" plazaratu zuten Okendoko elkarretaratzean. 

Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak eraso hau salatu du erakunde adierazpen baten bidez.