Abisu horian "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 15a, 08:02

Asteazken arratsaldeko 15:00etan hasi eta ostegun goizeko 9:00ak arte abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik".

Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "EAEko zenbait tokitan baliteke ordubetean 20 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan baliteke handiak izatea eta txingorra botatzea. Egun amaieran zaparradak itsasotik sartuko dira eta Kantauri isurialdean eragingo dute, bereziki kostaldean", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. 

Giro honetan, asteazken honetan (irailak 15) Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, batez ere goizaldean eta arratsaldetik aurrera. Goizean eta egunaren erdiko orduetan ostarteak irekiko dira. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait lekutan trumoitsuak, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren partean; orduan handiak izan daitezke. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da egunaren lehen partean. Eguerdi partean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin arratsaldean. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Ostegunean (irailak 16), "egunaren lehen partean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; egunaren bigarren partean hodeiak gutxitu egingo dira. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, batez ere egunaren lehen partean; orduan trumoitsuak izan daitezke. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Ostiralerako hobekuntza; "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da; eguerditik aurrera hodeiak ugarituko dira. Egunaren bigarren partean zaparrada-txiki ertainak botako ditu. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da egunaren lehen partean, eguerditik aurrera ipar-osagaira egingo du. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira, eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus