Udal zerbitzu gehiago, ohiko jardunean

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 16a, 08:22

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, martxan da berriz Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea. Gaztelekua laster irekitzekotan dira berriz.

Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea
Aurrez aurreko kontsultak berreskuratuta martxan da berriz Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez. "Udalak usurbildar guztiei doan eskaintzen dien zerbitzua da: sexuarekin lotutako zailtasunak bideratzeko aholkularitzaz gain, bestelako kontsultak ere egin daitezke horren bidez". Elene Jimenez Sexune taldeko sexologoa da udal zerbitzu honen arduraduna. "Adin guztietako herritarrei zuzendutako zerbitzua da, edozein zalantza argitzeko eskainia, eta banaka, binaka zein taldean egin daitezke kontsultak, nahi izanez gero". Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue, kontsultetarako hitzorduak aurrez eskatu behar dira:
697 919 516
sexuaholku@usurbil.eus
Facebook

Gaztelekuaren irekiera
Bertako arduradunek ohartarazi dutenez, laster ireki eta abiaraziko dute ikasturte berria. Egunotan, "gazteekin elkartuko gara aurkezpen eta nobedadeak azalduz eta pixkanaka martxa hartuz".

Sutegi, ia ohiko ordutegian
Sutegi udal liburutegia ia guztiz ohikoa duen ordutegira itzulia da. Liburutegiak hain zuzen, goiz eta arratsaldeko jarduna berreskuratu du; goizez 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-19:30 artean irekitzen dute. Urritik aurrera larunbatetan ere zabalduko dute, 10:00-13:00 artean.

Oiardo Kiroldegia
Irailean murgiltzearekin batera ohiko ordutegian zabaltzen ari dira Oiardo Kiroldegia. "Sasoia berreskuratzeko ordua da beraz, animatu eta zatoz gure Kiroldegira!", luzatu dute gonbita. Aurrerantzean beraz, ordutegi honetan aurkituko duzue Kiroldegia zabalik:
-Astelehenetik ostiralera: 07:00-12:30 (igerilekuaren itxiera 12:15ean)/14:30-22:00 (igerilekuaren itxiera 21:00etan).
-Larunbatak: 09:00-21:30 (igerilekuaren itxiera 21:00etan).
-Igande eta jai egunak: 9:00-13:00 (igerilekuaren itxiera 12:45ean).

Bidez Bide, taxibus zerbitzua
Bidean da berriz Usurbilgo udal taxibus zerbitzua, ohiko ordutegian. Astelehenetik ostiralera beraz, bost zerbitzu eskainiko ditu; bi goizez (7:30/10:30), bat eguerdi partean (13:30), eta azkeneko biak arratsaldean zehar (15:30/19:00). Informazio gehiagorako deitu 630 643 596 telefono zenbakira.

KzGunea
Zabalik berriz baita Usurbilgo KzGunea. Dakizuenez egun erdiz zabaltzen dute, hilabete batean goizez, hurrengoan arratsaldez. Irailean arratsaldez, 16:00-20:00 artean irekiko dute. Gogoan izan, bertara joateko ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea. Nabigatzeko gehienez 50 minutuko tartea izango du erabiltzaile bakoitzak. 14 urte beteak izan beharko dira KzGuneko zerbitzuak baliatzeko. Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net
kzgunea.net