Usurbil 1936

"Izan zinetelako gara" herri omenaldian izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 16a, 11:25

Larunbatean 85 urte beteko dira tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik. Irailaren 18 horretarako herri omenaldia prestatu dute Usurbil 1936 elkarteak eta Udalak 18:00etan frontoian. Hitzordurako izen emateko azken eguna duzue ostegun hau, irailaren 16a, usurbilkultura.eus plataforman.

Egia azaleratzeko lanean ari dira. “Gure iruditeria historiko eta kolektiboan, Gernika, Durango, Intxorta, Bilbo eta beste hainbat herriren izenak datozkigu, tropa faxisten erasoaldi basatiez eta bortitzez aritzean, baina gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, gudariez eta faxistek Usurbil hartu ondorengo egoeraz, errepresioaz, horrek eragindako ondorioez, sufrimenduaz...”. Horretara dator, Usurbil 1936 elkartea Udalarekin batera duela urtebetetik jorratzen ari den bidea. “Lan solteak egin izan dira azken urteetan gai honen inguruan baina dimentsio honetan ez. Lan itzela izan da eta herritarren parte hartzea azpimarratu nahiko nuke”, adierazi zuen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte beteko diren larunbaterako, irailaren 18rako, antolatu duten “Izan zinetelako gara” ekitaldiaren aste hasierako aurkezpenean

Usurbil 1936 elkartea eta Udala egiten ari direnaren erakusleihoa izan nahi du frontoian egingo den omenaldiak. “Lehen aldiz, egindakoa herriari erakutsiko zaio”, iragarri dute antolatzaileek. Bolondres askoren ordu askotako auzolana dago irailaren 18ko hitzorduaren prestaketaren atzean. “Inoiz elkartu ez garen jende asko bildu gara, memoria berreskuratzeko”, adierazi zuen agerraldi berean, Aitor Azurkik, Usurbil 1936 elkarteko kideak.

“Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da”
“Errepresaliatuak, exiliatuak, torturatuak, kanporatuak edota isilaraziak izan zirenak omenduko dira, bereziki fusilatuak”, iragarri dute antolatzaileek. “Hau guretzat mugarri bat da, ez ekitaldi soil bat”, lanketa prozesu zabalago baten testuinguruan kokatu nahi dutena. “Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da”, adierazi zuen alkateak, “nondik gatozen jakiteko, erreparatu eta nagusiki berriz ez gertatzeko bermea delako. Hori da gutxienez ondorengo belaunaldiok egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia. Hain zuzen ere hori da larunbat honetako ekitaldiaren funtsa”. Iragan mendeko Euskal Herriko “gertaerarik latzenak eta traumatikoenak, bortizki eta iraunkorki markatu baitzuen protagonisten, nahiz ondorengo belaunaldien memoria”, alkatearen esanetan. Horregatik “lurpean utzi nahi duten egia azaleratzea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun”.

Ezinbestekotzat jo zuten aipatu egia azaleratu eta hurrengo belaunaldiei helaraztea. Herritarrek osatutako memoria kolektiboa eraikitzea alkatearen esanetan, “izan ere jakin badakigu historia beti idazten duela irabazten duenak eta urte askotan zehar herri honetan gertatutako asko kontatu izan da ikuspuntu horretatik”. Horregatik ezinbestekotzat jo zituen beste hainbat herrietan bezala, “Usurbilen egiten ari garen ikerlanaren gisakoak”. Antolaketa lanetan parte hartzen ari diren bolondresak eskertu zituzten.

Emozioz beteriko ekitaldia
“Ekitaldi oso hunkigarria izango da, balioko du ere ikusteko duela 85 urte zer giro zegoen hemen eta zer bizi zuten”. Emozioz beterikoa izango da “Usurbil 1936” elkarteak eta Usurbilgo Udalak larunbaterako, tropa faxistak udalerri honetan sartu zireneko 85. urtemuga egunerako antolatu duten hitzordua.

Fusilatuen senideen parte hartzea
Orain arteko ikerketetan bost fusilatu usurbildarren berri bazuten; orain beste bi batu zaizkie. Tartean, Euskal Herrian gutxi izan arren, emakumezko fusilatu bat; Romana Zubiria Urruzmendi. Senarrarekin batera erahil zuten. Bere seniderik aurkitu du Usurbil 1936 elkarteak. Baita Jose Heredero Pinedaren familiartekoak ere. “Senideak oso hunkituak eta pozik daude, inoiz ez baitiete omenaldirik egin”. Senideak, egitasmo honetako partaideak... Hainbat lagun erakarriko ditu hitzorduak. Lekua ahal bezain laster hartzea beraz komenigarriena. Izena aurrez eman beharko da, irailaren 16a baino lehen, ohi bezala, usurbilkultura.eus plataforman. 110 lagunentzako lekua egongo da. “Aforoa mugatua izango da, beraz jendea ahalik eta lasterren joan dadila apuntatzen”. Ekitaldian zehar, elkartearen logodun kamisetak ere salgai izango dituzte.


Irailak 18, larunbata
10:00 Mural margoketa: “Usurbil 1936” elkarteko logoaren margoketa.
Ondoren, murala herrian zintzilikatzea.
18:00 “Izan zinetelako gara” ekitaldia frontoian:
-Hasiera zazpi suzirirekin, zazpi fusilatuen omenez.
-Ekitaldia: dantza txistulariekin, musika, mintzaldiak, txalaparta, bertsoak, poesia errezitaldia, lore eskaintza eta oroigarri banaketa fusilatuen senideei.
Izen ematea: irailaren 16a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: “Usurbil 1936” elkartea, Usurbilgo Udala.