Errekatxikin matxuratutako ur zikinen hodia konpontzera doa Udala

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 16a, 13:30

Hodi horren matxurak eragin ditu hain zuzen, azken egunotan Aranerrekan ikusi ahal izan diren ur zikinen isurketak.

Azken egunotan Aranerrekan ikusi diren ur zikinen arrastoaren jatorria aurkitu eta argitu du Usurbilgo Udalak. Ohar bidez jakinarazi duenez, Errekatxiki inguruan leherturiko hodi batek eragin ditu azken egunotako ur zikinen isurketak.

"Ezohiko isurketekin kezkatuta" Udalak hodi honen egoera aztertzeko kamera bat pasa du hain zuzen, herritar talde batek gertatzen ari zena ohartaraziz kartela jarria duen Aranerrekako zonaldean eta "hormigoizko hodiaren zati bat lehertu" dela ikusi ahal izan dute. "Hormigoizko hodi handi bat zen lehertu dena, 64 metroko luzerakoa. Gaur egun, PVC materialarekin egin ohi dira, eta halakoa eskatu du udalak. Materiala eskuan, egun gutxian egin daiteke obra, baina eguraldiak baldintzatuko du", ohartarazi du Udalak.

Laster konpontzekotan dira matxura. "Errekatxiki inguruan lehertu den ur zikinen hodia konponduko du udalak datozen egunetan: aurreikuspenen arabera, hurrengo astean iritsiko da hodi berria, eta eguraldiak ahalbidetu bezain pronto jarriko dute", iragarri dute.

"Gaia konpondu eta bideratzeko lanean ari gara"
Herritarrek gai honen bueltan jakinarazitako kezkekin bat egiten dutela nabarmendu dute Usurbilgo Udaletik eta gai hau bideratzeko lanean jarraitzen dutela. “Jakitun gara Aranerrekan ditugun isurketekin, eta horretan ari gara lanean azken hilabete hauetan. Arretaz irakurtzen ditugu herritarrek helarazitako kexak eta kezkak, eta haiek bezala, udala ere kezkatuta dago: gaia konpondu eta bideratzeko lanean ari gara”, nabarmendu du Lur Etxeberria zinegotziak.

Ur zikinen gaia udalerri honetan zertan den, horren berri eman zuten iragan udaberrian. Une honetan, "Kalezarkoa da bereziki jarraitzen ari den guneetako bat. Batetik, Matia Kalezarren egiten ari den obrak aprobetxatuko ditu udalak zati horren saneamendua hobetzeko [Kalezarren erdigunetik N634 aldera gelditzen den zatian]: euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak. Infolurrek jada idatzi du proiektu hori, baita udalaren eskura jarri ere: obrak 134.000 euroko kostua du, eta 2022ko aurrekontuetan islatzeko asmoa du udal-gobernuak.  Bestetik, Kalezarren erdigunetik Aranerrekarako zatian, euri urak eta ur zikinak bereizi gabeko bost puntu zituen identifikatuta, etxebizitza partikularrenak direnak: horietako bi konponduta daude dagoeneko, eta beste hiruek hori bideratzeko aurrekontuak eskatuak dituzte", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

Aginagara begira ere badira. "Aginagako saneamendua hobetzeko proiektua idazteko eskatua dio udalak Injelani, euri urak eta ur zikinak Añarbek eta Euskal Ur Agentziak Aginagan egingo duten kolektore nagusira bereizita bideratzeko".