Lau usurbildar, Benasqueko Mendi Maratoi Handian

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 08:04

Benasqueko Mendi Maratoi Handian parte hartu zuten lau usurbildarrek ekainaren 12an. Ez zuten lan makala egin, eta beren bizipenak NOAUA!rekin partekatu nahi izan dituzte.

NOAUA! Benasqueko mendi maratoi handian parte hartu zenuten ekainean. Nolako emaitza lortu zenuten?
Ekhi Arrieta: Ez dakit zenbat ginen, ia 500 parte hartzaile gutxi gorabehera. Gu erdi parean geratu ginen 270 inguruan. Eneko ehunda hirurogehita hamar inguruan. Helburua, hala eta guztiz ere, ez zen sailkapeneko lehen postuetan geratzea.

Irakurketa positiboa, beraz.
Zuhaitz Lizaso: Ondo, bai. Gisa honetako maratoi bat egiten nuen lehen aldia nuen nik, eta beraz, bukatzea zen nire helburua, eta lortu nuen. Ez da gutxi. Gutxi gorabehera aurreikusitako denboran egin genuen. Denbora tarte jakin batean egin nahi genuen, eta hori betetzea lortu genuen.
Ekhi Arrieta: 11 ordu azpitik egitea zen gure xedea, eta sekula egin ez genuenez, denbora tarte egokia iruditu zitzaigun. Enekok eta Borjak Tolosako mendi maratoia eginda zeukaten, eta Zuhaitz eta bion kasuan horrelako ezer probatu gabe genuenez, horra helburua. Entrenamenduak egin genituen denbora tarte horretara moldatu ahal izateko, baina beti ematen du beldurra. 8 ordu inguruan egin genuen azkenean.
Borja Pulido: Nire kasuan, beldurrik bat ere ez neukan. Banekien nora nindoan, baina lesio bat izan nuen hilabete eta erdi lehenago, eta ordutik ia korrikarik egin gabe nengoen. Korrikaldian zehar arazo batzuk izan nituen momentu jakin batzuetan, eta uztekotan ere egon nintzen zenbait aldiz, baina azkenean aurrera egin nuen. Helburua beteta.
Eneko Urdangarin: Helburua beteta nik ere, gainontzekoek bezala. Ondo pasa eta gozatzera joan nintzen, amaitzeko helburu hutsarekin. Altitudearen eragina ere kontuan hartu behar da. Guk hemen ez dugu askorik entrenatu altitudean, eta Pirinioetan aritzeak hori izaten du. Gustura aritu ginen, eguraldi ona egin zigun, eta hori da garrantzitsuena.


“Maratoia denok batera egitea zen ideia”
NOAUA! Laurok hartu zenuten parte maratoian, baina bide osoa batera egin zenuten?
Borja Pulido: Denok batera egitea zen ideia, eta nahiko bateratsu ibili ginen ibilbide guztian zehar. Ni minez hasi nintzen, eta momentu batzuetan kosta egiten zitzaidan erritmoa jarraitzea, batez ere aldapa behera. Gero, aldapa gora egiterakoan erritmoa azkartzen nuen gainontzekoen parera iritsi nahian. Hasieran gainontzekoengandik bereizi nintzen aurrea hartuta, baina gero aldapa behera tokatzean harrapatu egiten ninduten.
Ekhi Arrieta: Zuhaitz eta bion kasuan, biok batera egitea zen asmoa eta halaxe egin genuen, hasi eta buka batera. Momentu on eta txarretan elkarri lagundu genion, eta gustura aritu ginen. Aldapa gora Zuhaitz larrixeago ibili zen, eta aldapa behera berriz, ni atzetik.


“Duela lau bat urte hasi ginen txapelketetan parte hartzen”
NOAUA! Mendi maratoiez gain, lasterketen alorrean zenbateko esperientzia duzue?
Eneko Urdangarin: Duela lau bat urte hasi ginen txapelketetan parte hartzen, baina pandemia garai hauetan geldirik egon behar izan dugu. Benasqueko maratoia lehengo urtean egitekoak ginen, baina bertan behera geratu zen, eta aurten aukera eman digute egiteko. Hemen inguruko txapelketetan aritu gara azken aldian, eta maratoiak izan dira egin ditugun handienak. Hala ere, laburragoak egin ditugu batik bat. Denak mendiko probak egin ditut, bestelako lasterketarik ez dut egin.
Ekhi Arrieta: Laurok talde kiroletatik gatoz, eskubaloi eta futboletik. Korrika denok ere krosak eginez hasi ginen, Lasarteko krosa dela, Behobia.. Mendian ni behintzat oso gutxi ibili naiz.
Borja Pulido: Ni Enekorekin batera hasi nintzen lasterketak egiten, distantzia ezberdinetakoak, eta gehienez maratoiak. 15 eta 30 edo 35 kilometro bitarteko probetan hartu dut parte.
Zuhaitz Lizaso: Ni mendira lanetik deskonektatzera eta burua argitzera joaten naiz. Entrenatzen hasi nintzen pixka bat eta Borjak burua berotu zidalako hasi nintzen urrats gehiago ematen.

“Gogorra izan da fisikoki, baina baita mentalki ere”
NOAUA! Entrenamenduak denok batera egiten dituzue?
Zuhaitz Lizaso: Ahal dugunetan geratzen gara, baina bakoitzak bere bizimodua dauka eta umeak direla, eta lana dela askotan zaila izaten da denok elkartzea. Beraz, bakarrik ere askotan aritzea tokatzen zaigu.
Eneko Urdangarin: Batzuk bizikletan ere ibiltzen gara errepidean, eta hori ere entrenamendu modura uler daiteke.
Ekhi Arrieta: Ni ere ez naiz korrika soilik ibiltzekoa. Gustatzen zait bizikleta hartu eta mugitzea, igeriketa pixka bat egitea, eta bestelakoak. Nik ez dut balio kirol bat hartu eta horretan itsututa aritzeko.

Umetatik duzue kirola gustuko, beraz.
Ekhi Arrieta: Mendiak elkartu gaitu neurri handi batean, denoi gustatzen zaigu eta interes hori komuna dugu. Bestelako planak ere egiten ditugu mendira igotzea esaterako, korrika joan gabe.

Txapelketa gehiagotan parte hartzea aurreikusita daukazue?
Zuhaitz Lizaso: Momentuz atseden eder bat hartuko dut nik behintzat. Gogorra izan da fisikoki, baina baita mentalki ere, eta opor batzuk behar ditut. Iraila eta urria ere iritsiko dira, eta orduan ikusiko dugu zer gogo dauzkagun eta helbururik jarri nahi diogun geure buruari.
Ekhi Arrieta: Nik ere atseden baten beharra daukat. Ia bi urte pasatu ditut proba honetarako prestatzen, eta presioa sentitzen nuen uneoro entrenatzeko beharragatik. Egia da behin Benasquekoa eginda gogoa dudala beste lasterketaren batean parte hartzeko, baina inolako presarik gabe.
Borja Pulido: Nik ez daukat inolako helburu berezirik, baina suertatzen bada hori ere egingo dugu. Momentuz ez daukat horretarako beharrik ere. Mendi berriak ezagutzeko zerbait egingo dugu, baina momentuz inolako presiorik gabe.
Eneko Urdangarin: Mendira joateari ez diot utziko. Aurtengo ez daukat bestelako helbururik. Datorren urtean ikusiko dugu ea zer datorren.