Irati Larrañaga: "Andatzak egunero bide ezberdinak aurkitzeko aukera ematen du"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 09:09

Kirolariak pixkanaka euren egunerokotasunera itzultzen ari dira pandemiaren atzaparretatik ihes. Irati Larrañaga mendi lasterketetan ibili ohi da, eta azken hilabeteetan zenbait podiumetan izan da. Fisioterapeuta ere bada, eta bi munduak behar bezala uztartzen ikasi du. NOAUA! berarekin izan da.

NOAUA! Azken aldian lasterketa askotan hartu duzu parte.
Irati Larrañaga: Gustatzen zait herri giroko lasterketetan parte hartzea. Hemen inguruan egiten ditut normalean, baina pandemiaren ondorioz lasterketa gutxi daude, eta ikusi nuen kanpoan lasterketak egiten zituztela Pirinio inguruetan, batez ere. Emakumeen parte hartzea izugarri igo da Katalunian, ia parte hartzaileen erdiak emakumeak izaten dira orain txapelketa batzuetan. Hemen inguruko mendirik altuena Txindoki da, eta han 3000ko mendietan korrika egiteko aukera dago. Altitudea nabaritzen da, ez da berdina Andatzan 20 kilometro egin edo 2000 metroetan egitea. 20 kilometroko lasterketetan altitudea nabari da; gehiago kostatzen da arnasa hartzea. Ni ondo  moldatzen naiz horretara, distantzia laburrak egiten baititut.

Distantzia laburrak diozunean, zenbateko tarteaz ari zara?
Nik egin dudan luzeena 21 kilometrotako lasterketa izan da. Orain dela hiru urte 21 kilometro izugarri iruditzen zitzaidan, Andatzara igo eta jaitsi zazpi aldiz egitea baita, baina egia da mendian kilometroak errazago egiten direla asfaltoan baino. Errepidean denbora guztian korrika egin behar da, eta mendian berriz, aldapa gora oinez igo eta deskantsatu ere egin daiteke, baita jan ere. Bihotz taupadak ez dira hainbeste igotzen; lasaiago ibiltzen zara. Mendian distantzia laburrak dira 25 kilometrotik beherakoak, 40 kilometro ingurukoak, 70-168 kilometro arteko ultrak eta 300 kilometroko lasterketak ere badaude. Hiru egun oso korrika aritzea eskatzen du horrek.

“Atletismoa utzi nuenean lehiatzeari muzin egin nion, baina nire kabuz korrika hasi nintzen”
Noiztik egiten dituzu gisa honetako lasterketak?
Irati Larrañaga: Duela hiru urte inguru hasi nintzen mendian korrika, baina txikitatik beti lehiatu izan dut. 11 urterekin hasi nintzen atletismoan salto eta altuera jauzia egiten. 22 urte arte hartu nuen parte txapelketetan. Unibertsitate ikasketak Bartzelonan egin nituen, eta han jarraitu nuen entrenatzen. Azken finean, kirol indibidual bat izateak dakartzan abantailak dira egunerokotasunean entrenatzea. Atletismoa utzi nuenean lehiatzeari muzin egin nion, baina nire kabuz korrika hasi nintzen Zubietako buelta ematen eta gisa horretako gauzekin. Kasualitatez hasi nintzen mendian korrika, masterreko azterketetan estresatuta ibiltzen nintzen, eta lagun batek mendian korrika egitearen abantailak azaldu zizkidan kalean ibili baino. Hasieran Andatza justu-justu igotzen nuen, eta pixkanaka kilometroak   gehitzen joan nintzen. Konfinamendu garaian Andatzako mila txoko berri ezagutu ditut korrika: negutegiak, dolmenak, trikuharriak, kantera, errotarriak… Gauza pila bat daude Andatzan besterik gabe igo eta jaitsi eginda ia ikusi ere egin ezin direnak. Duela hiru urte hasi nintzen mendi lasterketetan. 22 urtetik 25 urte bitarte utzi egin nuen, baina 25ekin berriz heldu nion, har berezi hori piztu baitzitzaidan.

Irabazleen podioan ere izan zara sarri. Zenbat domina lortu dituzu?
Hamabost bat podiumetara igo naiz orain arte, eta bost aldiz irabazi dut.


“Andatzak mila txoko ditu, eta egunero bide
ezberdinak aurkitzeko aukera ematen du”
Umetatik izan duzu gustoko korrika ibiltzea?
Irati Larrañaga: Ni atletismora kasualitatez iritsi nintzen. Nire etxean ez zekiten zer zen ere. Eskubaloia eta futbola ez zitzaizkidan gustatzen, eta Usurbilen aukera horiek neuzkan nagusiki. Niri mugitzea gustatzen zitzaidan, batez ere. Orduan, Lasarten atletismoko talde bat bazela esan zidaten eta bertan izena eman nuen. Umetan Usurbilen izenean parte hartzen nuen hamaika edo hamabi urterekin. Atletismoan proba asko egiten dira, eta saltoan aritzen nintzen orduan. Diziplina horretan ondo moldatzen nintzen. Lehenengo urtean Gipuzkoako txapelduna izan nintzen, eta garaipen horrek jarraitzeko gogoa eman zidan. Atletismoan jende asko ezagutzen duzu, baina kirol indibiduala da. Diziplina izaten erakusten du. Egunero entrenatzen nuen, eta asteburuetan bidaiatu egiten nuen lehiatzeko. Garai hartan oso serio aritzen nintzen kirolean, eta orain, hobby bat da. Egunerotasunetik ateratzeko aukera ematen dit korrika egiteak. Zorionez, ondo ibiltzen naiz atletismoak emandako diziplina horregatik. Nire bizitza estiloaren parte bilakatu da.

Orain mendian erosoago ibiltzen zara asfaltoan baino?
Berez mendia gehiago gustatzen zait. Andatza oso gustoko dut, eta bertan ez naiz aspertzen. Andatzak mila txoko ditu, eta egunero bide ezberdinak aurkitzeko aukera ematen du. Jendeak askotan esaten dit Andatza itsusia dela, baina nik bertatik ikusi dut inoizko ilunabarrik politena. Zoragarria iruditzen zait, eta horregatik egunerokotasunean Andatzan entrenatzen dut. Oso nekatuta banago eta zerbait laburragoa egin nahi badut, Txokoalde edota Zubietako bidea egiten dut.

 

“Fisioterapeuta izateak asko lagundu dit”
Fisioterapeuta ere bazaitugu. Kirolari izateak eraman zituen alor horretara?
Irati Larrañaga: Ez dakit oso ondo zergatik hasi nintzen fisioterapia ikasten. Asko gustatzen zait anatomia, gorputza zaintzea eta lesioak prebenitzea. Mendi lasterketetan korrika egitearen atzetik lan garrantzitsua dago: prebentzioa. Indarra landu behar da eta horrek izugarrizko garrantzia dauka, nahiz eta askok korrika egite hutsa baino ez duten lantzen. Aldapa behera egitean muskuluek lan egiten dute eta artikulazioek asko sufritzen dute. Muskulaturak indartsu egon behar du inpaktu horri guztiari eusteko. Beraz, zergatik hartu nuen fisioterapeutaren bidea ez dakit ziur, baina asko lagundu dit nire kirolari ibilbidean, ez baitut sekula lesiorik izan. Jende asko korrika hasten da forman jartzeko. Iruditzen zait lehenago forman jarri behar dela, eta jakin zer egingo duzun. Prebentzio lan handia dago. Lesioak ez dira kirolean hasi eta berehala sortzen, baizik eta prebentzio lan txarraren ondorioz, gerora ateratzen dira. Kontsultan asko ikusten dut hori.

Kontsultan kirolari askorekin topo egiten duzu?
Kaleko kirolari amateur asko ikusten ditut. Nik uste, gaur egun, geroz eta kontzientzia handiagoa dagoela      prebentzioan. Kirol zientzien alorrean ikerketa lan handia egiten ari dira, eta asko lantzen dira gai hauek, baina ahaztu egiten zaigu egunerokoan guztia behar bezala aurrera eramaten. Errazagoa da zapatilak       jantzi eta Zubieta aldera korrika egitera joatea. Fisioterapeuta izateak kirolari ibilbidean ere asko lagundu dit. Podium askotara igo naiz, eta oso gustora aritzen naiz korrika, baina nire lehentasuna lesiorik ez izatea da, eta nire burua behar bezala zaintzea, osasuntsu egotea garrantzitsua baita.