"Sexualitatea covid19 aurretik, bitartean eta ondoren" ikastaroan izen ematea ixtear

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 09:44

UEU-k Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolaturiko ikastarorako matrikulazio epea ostiral honetan, irailaren 24an itxiko dute. Urriko asteburuetan izango diren saioetako bideratzaileetako bat, Jon Imanol Etxabe Telleria psikologo eta sexologo usurbildarra izango da.

Argi dio Jon Imanol Etxabe Telleria psikologo eta sexologoak. “Paradigma berri bat bizitzen ari gara harremanen munduan”, covid19ak eragindako pandemiaren harira. Pandemia aurreko, bitarteko eta osteko sexualitatea aztergai izango duen ikastaroa eskainiko du usurbildarrak urrian, Iñaki Dorronsoro Maioz UEUko sexologia sailburuarekin batera, UEU-ren eskutik. Etxabe ikuspegi zientifikotik ariko da, eta Dorronsorok hausnarketara bideratuko du ikastaroa, “pentsatzeko nolakoak ginen pandemia aurretik, nola egon garen pandemian zehar, ze jokabide, pentsamendu izan ditugun. Inoiz ez epaitik, beti ere norbera hobeto ezagutzeko helburuarekin. Eta bereziki, etorkizunari begira nola ikusten garen”, Etxaberen esanetan.

Foro publikotik at
Pandemiak gabezia eta behar asko azaleratu ditu. “Guztiz bigarren maila batean” geratu dira esaterako, erotika edota desirari lotutako gaiak. Sexualitatea “foro publikotik baztertu izanagatik, dena oso pribatuan, ezkutuan izan beharreko horretan bilakatu da”. Ez da egon beste alor askotan sarritan aplikatu diren protokolorik, “ez da kontenplatu jendeak behar edo gogo horiek zituenik eta ondorioz alor ilegalera pasa da. Itzaletan izan behar zuen eta kontu handiarekin. Hor norbere beharrak asetzea asko zaildu duten hainbat mekanismo egon dira beldur nahiz legaltasunari lotutakoak”, Etxaberen esanetan.

Eta hor indartu da teknologia berriak baliatzearen eskutik datorren “sexualitatea 3.0”. “Denok behar erotikoak, izan eta ez ditugula ahaztu behar gogorarazi digun alarma modukoa piztu da”, sexologo usurbildarraren esanetan.

Pixkanaka “normaltasunerantz” jorratzen ari garen bide honetan, argi geratzen ari da “kontakturako edo besarkatzeko dugun beharra”, baina “denok ez gaude puntu horretan”. Sexologoaren esanetan, “koronabirusak aldagai berri bat gehitu du”. Beldur edo zalantzena, batzuei gehiago besteei gutxiago eragiten ari zaiena. “Orain jende asko dago bere desira berbideratzen, edo ez dakiela nola kudeatu egoera zehatz batzuk, osasunaren aldeko beldur hori ere gehitu behar zaio; norekin zauden, txertatuta egongo den edo ez…”.

“Norberaren ongizatearekin zerikusia”
Pandemia aurreko sexualitatea, egungo testuingurukoa eta datorkigun etorkizunari begira izan ditzakegun zalantzen aurrean, “hausnarketarako espazioa eskaini nahi dugu”, gai honek ere “norberaren ongizatearekin zerikusia” baduela argi izanda. Urriko asteburuetan eskainiko den ikastarorako matrikulazio epea zabalik duzue irailaren 24ra arte.

 

"Sexualitatea covid19 aurretik, bitartean eta ondoren"
Epea: urriak 1-30.
Egunak: urriak 1, 8, 15 (ostiralak), urriak 30 (larunbata).
Ordutegia: ostiraletan 17:00-20:00 artean; larunbatetan, 9:30-13:30 artean.
Tokia: Potxoenea.
Ordu kopurua: 13 (ostiraletako 3 saioak klase formatukoak, larunbateko azkena tailerra).
Matrikulazio epea: irailak 9-24 artean.
Matrikula-prezioak: 91 euro. 82 euro ikasle, langabe eta erretiratuek. 68 euro bazkideek.
Irakasleak: Jon Imanol Etxabe Telleria (sexu aholkularia eta psikologoa) eta Iñaki Dorronsoro Maioz (UEUko sexologia sailburua 2018tik).
Helburuak:
-Inguruneak sexualitatearengan duen eraginaren inguruko hausnarketa sustatzea.
-Ezkutuko hainbat errealitate azaleratzea.
-Pandemiaren eta itxialdiaren eragina ikustea, iraganean, orainaldian eta etorkizunean.
-Liburuaren Sexologia atalaren azalpena eta dibulgazioa egitea.
Edukiak:
-Sexualitatea pandemiaren aurretik: Irakurketa orokorra; erlazionatzeko modua; teknologiaren eragina; erotismo indibiduala.
-Sexualitatea pandemia eta itxialdi garaian: Kotimitatea; gaixotasunak ala itxialdiak eragin digu?; ihesa, ebasioa eta konpentsazioa; masturbazioa; pornografia eta erotismoa; 3.0 sexualitatea; legea eta desira.
-Sexualitatea pandemia ondorengo garaian: Beldurrak; baliabideak; aurrez landutakoa, nola dago orain?; txertoaren eragina; aurrera begirako proiekzioa.

Informazio gehiago: ueu.eus
Antolatzailea: UEU.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia.