Zapategiko eremua biziberrituko duen proiektu sozioekonomikoaren xehetasunak

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 13:42

Zapategi eremuan Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarritako lantegiak kokatzeko hirigintza hitzarmena adostu dute. Tramitazio bideari ekingo zaio orain. 2023an hasi daitezke eraikitze lanak.

2018an hitzarmena sinatu zutenean irudikatua zuten proiektua berdefinitu dute, egungo testuingurura egokitu. Bidelagun berria dute; Elkar egitasmotik irten ostean, Balfer inbertsorea. Michelin ondoko Zapategi lur eremua biziberrituko duen hirigintza hitzarmena adostu dute Usurbilgo Udalak, Michelinek, Balfer inbertsoreak eta Gureak-ek. Xehetasunak ostiral honetan aurkeztu dituzte. 

Lehen urratsa; datorren irailaren 30ean hasieraz onartzekoak dira aipatu hirigintza hitzarmena udalbatzarrean. Hortik aurrera, kronograma bat adostua dute, proiektua garatzeko epeak finkatuta, lehenbailehen martxan jartzeko. Tramitazio prozesuan murgilduko da Zapategiko proiektua datozen hilabeteotan; aurrekorako "egindako lan guztia ez da alferrikakoa lana izango", argitu du Usurbilgo alkateak. Baliagarria izango da datorrenerako, "prozesu hau erraztu eta azkartzeko". Tramitazio prozesua amaituta, 2023an hasi daitezke 18 bat hilabetez luzatu daitezkeen eraikitze lanak Zapategin.

ZAPATEGIKO PROIEKTUA
-Aurreko proiektua birdimentsionatu dute.
-Erabilera industrialerako eremua izango da, irisgarria, genero ikuspegia txertatua izango duena.
-Aurreko proiektuarekiko eraikigarritasuna murriztu da. Karga urbanistikoa gutxitzea eragingo du.
-Urbanizaizo honen mantenurako kontserbazio batzorde bat osatuko dute 20 urterako.

Azalera
Guztira: 114.757,86 metro karratu.
Banaketa: 70.096,39 metro karratu Michelinek erabiltzen duen lurzoruko eremua, 46.592 metro karratu dira hirigintza eraikigarritasunekoak. 50.164 metro karratuko lur eremuan kokatuko dira Gureak eta Balfer (32.965 mero karratuko hirigintza eraikigarritasuna) inbertsoreak erakarriko dituen enpresak. 
Gureak: 13.000 metro karratuko azalera izango du (10.000 metro kraratuko pabilioi eta biltegia) eta 3.000 metro karratu zerbitzu orokorretarako; jangela, formakuntzak gelak...). 
Lanpostuak: orohar, 700 lanpostu erakarriko ditu proiektuak. Gureak-en 400 lanpostu, epe ertainera 550 lanpostura heltzeko aurreikuspena. Kontratatuen %90ak desgaitasunen bat duten pertsonak izango dira.

Tramitazio egutegia
-Irailak 30: ohiko udalbatzarra. Hasieraz onartzekoak dira hirigintza hitzarmena.
-Segidan: alegazio epea. Alegaziorik ez balego behin betiko onartu eta izenpetuko dute.
-Urria edo azaroko udalbatzarrean: arau subsidiarioen aldaketa ahalbidetuko lukeen dokumentuaren hasierako onarpena.
-2023. urte hasieran: Udalak obrak egiteko lizentzia emateko aurreikuspena.
-Eraikuntza lanak, 18 hilabeteko tartean.