NOAUA! K.E., Kukulaisi euskarazko aisialdia artikulatuko duen euskaltzaleen topagune berrian

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 25a, 12:15

Larunbat goiz honetan eratu da Elgoibarren, Kukulaisi euskarazko aisialdia artikulatuko duen euskaltzaleen federazio berria. Sorrera ekitaldian izan da NOAUA! K.E. Egitasmo berri honetako partaideetako bat izango da.

Kukulaisi jaio da, euskarazko aisialdia garatzea xede nagusia izango duen euskaltzaleen topagunea. 14 euskara elkarteek eta Euskaltzaleen Topaguneak sortu dute, tartean NOAUA! Kultur Elkarteak. Larunbat goiz honetan egin dute federazio berri honen eratze batzarra Elgoibarko musika eskolan eta bertan izan da kultur elkarte honetako ordezkaritza bat ere. Zuzendaritza taldean parte hartuko du NOAUA! K.E.-k.

"Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da erakunde berriaren sorrera, tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzeko", adierazi dute Euskaltzaleen Topagunetik.

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Kukulaisi federazio berriaren zuzendaritza taldeak eta zuzendariak hartu dute hitza. "Hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu da. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu da. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria. Sektore artikulatu batek bere eragina biderkatu dezakeela nabarmendu da, azkenik".

Larunbat honetako eratze batzarraren ondotik, astelehenetik aurrera, "lehen hilabeteetan, orain arteko gogoetatik irtendako asmoak egitasmo zehatzetan gauzatzeari ekingo zaio". 

Euskara eragileei zabalik
Euskara elkarteen mugimenduko elkarte edota eragileak batu dira egitasmo honetara, baina "euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da".

Egitasmoarekin bat egin duten elkarteak, Euskaltzaleen Topagunearekin eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresarekin batera:
Usurbilgo NOAUA! K.E.
Getxoko Bizarra Lepoan
Hernaniko Dobera euskara elkartea
Euskarabentura elkartea
Gasteizko Geu elkartea
Ordiziako Hitzaro euskara elkartea
Bergarako Jardun euskara elkartea
Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea
Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea
Arrasateko Txatxilipurdi elkartea
Deustuko Berbaizu euskara elkartea
Durangoko Berbaro euskara elkartea
Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea
Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea