"Euskararekin ikasten eta hazten segi nahi dut"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 30a, 08:50

Etumeta-AEK euskaltegia matrikulazio kanpainaren azken txanpan da. (usurbil@aek.eus / 607 609 379) euskalduntze bidea jorratzen ari den Maria Fernandez Delkader elkarrizketatu du NOAUA!k. Lekukotza interesgarria, euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruan eskaini diguna.

NOAUA! Euskararekiko lehen hartuemana noiz izan zenuen?
Maria Fernandez Delkader: Madrilgoa naiz, baina duela 12 urte Usurbila etorri aurretik 15 urtez bizi izan nintzen Bartzelonan. Euskararekiko lehen hartuemana bertan izan zen, Hizkuntza Eskolan, bikote laguna euskara irakaslea zen. Halere nire “patua” hona etortzea zen, nire aurreko bikotea ere Gernikakoa zen. Euskal Herriarekin, euskararekin eta euskal kulturarekin dudan harremana aspalditik dator. Betidanik izan da erakargarria niretzat. Alabak hiru hilabete zituela etorri ginen Usurbila bizitzera. Segituan eman nuen izena euskaltegian.

Aldaketa handia izango zen?
Oso handia eta zaila hasieran. Niretzat aldaketa asko izan ziren aldi berean; hiri handi batetik herri txiki batera bizitzera etortzea, ama izan berria, lan egoera prekario samarra. Ez nuen ia inor ezagutzen eta hemengo hizkuntza euskara zen. Gauza batzuk ulertzen nituen baina bizimodua egiteko adina ez. Euskara ikasten hasi nintzen, baina lanpostu bat aurkitu eta klaseak utzi beharra. Lehenengo urteak hala izan ziren, hasi, utzi, berriz hasi... Benetan ni izateko eta nire bizi proiektua hemen garatu ahal izateko euskara ikasten buru-belarri jarri behar nuela konturatu nintzen. Arropa denda batean nenbilen lanean, lanpostu hura utzi eta euskara ikasteko urte oso bat hartzea erabaki nuen. Nahiko azkar egin nuen aurrera. Lehen urteetan klase presentzialak dira onenak, baina maila bat izanda eta ume txikiekin niretzat autoikaskuntza oso aukera ona izan da. Oso diziplinatua izan behar duzu, egunero ez dakit zenbat ordu pasatzen nituen liburutegian. Bakartxorekin mintzapraktika egiteko baliatzen nuen.

Ikasitakoa erabiltzen hasteko lehen egunak nola oroitzen dituzu?
Oso gustuko nuen dendetara joan eta euskaraz aritzea. Ez bakarrik euskaraz eskatu eta ordaintzea, elkarrizketa txikiak izatea baita. Etxean ere erabiltzen dut euskara. Niretzat erronka handiena bikotearekin euskaraz aritzea zen, gaztelaniaz elkar ezagutu baikinen. Bikote lagunak asko lagundu nau. Gure familia pixka bat desberdina da euskarari dagokionean; etxe askotan gurasoek umeei euskaraz hitz egiten diete baina gero beraien artean erdaraz aritzen dira. Gure etxean kontrakoa gertatzen da. Amaiak niri euskaraz hitz egiten dit beti, gure artean euskaraz aritzen gara. Amaiak seme-alabekin euskaraz hitz egiten du eta ni beraiekin bakarrik nagoenean erdaraz, nire jatorrizko hizkuntza baita. Beraiek hala eskatu eta eskertzen dute gainera.

Laurok mahaiaren bueltan gaudenean aldiz euskaraz aritzen saiatzen gara. Euskara ikasteak ate berririk zabaldu dizu?
Ate bat da azkenean, mundu bat bizi, harremanak izan eta jendea ezagutzeko. Bestela, mugatua da, gauza asko galtzen dira. Euskara horretaz guztiaz gozatzeko ate bat da.

Ikasketa prozesuaren amaierara heldu omen zara.
Amaierara ez. Iaz, 3. perfila atera nuen. Poz-pozik nago. Ez nuke ikasitakoa ahazterik nahi eta orain nire gustuko zaletasunak euskaraz bizi nahi ditut. Azkenean euskaraz bizitzeko gai naizela sentitu nahi dut.

Zorionak jorratu duzun bideagatik.
Gustura, pozik naiz, baina ez da amaitu hemen. Bidea luzea da. Euskararekin ikasten eta hazten segi nahi dut.

Matrikulazio kanpaina betean dira euskaltegian. Zergatik, zertarako izena eman euskaltegian?
Niretzat ezinbestekoa da. Gainera Usurbilen oso gertu dugu. Udalak ere diru-laguntzak ematen ditu. Euskaltegira egunero joateko motibatua egon behar zara, baina merezi du. Giro polita sortzen da jendartean eta emaitzak ere hor daude.

“Euskaraz hitz egiten jarraitzea eskatzen nuen”
Euskara erabiltzen hastea erraztu zitzaizun edo zurekin mintzatzen zirenek segituan jotzen zuten gaztelaniara?
Nire kasuan normalean lehen hitza euskaraz entzun izan dut baina nire zailtasunen aurrean hizkuntzaz aldatzen zuten batzuetan. Orain ez, baina orduan bai. Hasieran euskaraz hitz egiten jarraitzea eskatzen nuen, ni ere deseroso sentitzen bainintzen hizkuntza aldatuta. Euskara ikasten egonda, besteak euskaraz hitz egiten jarraitzeak niri askatasun handia ematen dit. Agian hurrengo hitza gaztelaniaz esango dut baina zuk nirekin beti euskaraz hitz egin. Horrek euskarara itzuli behar naizela gogorarazten dit niri. Niretzat oso garrantzitsua eta lagungarria da. Kontuan izan, Kataluniatik nentorren, eta han elkarrizketa elebidunak oso arruntak dira, gatazkarik gabe bizi dituzte. Zu katalanez aritu zaitezke eta ni gaztelaniaz eta ez da ezer gertatzen. Hemen hori oraindik oso zaila dela dirudi, baina posible da. Gaztelaniaz ari denak euskara ikasi nahi badu, entzuteko, edo dakiena esateko baliatu dezake egoera.