#udalbatzarra

Argindarraren prezioaren "iruzur larria" salatzeko urriaren 8ko itzalaldiarekin bat egin du Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 12:53
2017ko urrian Kataluniaren alde egin zen itzalaldia.

Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren "iruzur larria" salatzen duen mozioa onartu dute ostegun honetako udalbatzarrean. Urriaren 8rako, 22:00-22:30 artean deitua dagoen itzalaldia eta kazola-jotzeko deialdiarekin bat egin du Udalak.

Argindarraren prezioa egunez egun marka hausten eta goia jo ezinik dabil azken aldian, egunerokoan hedabideetan irakurri edo entzun ahal dugun moduan. 

"Deskonektatu elektriketatik!" aldarripean, "itzalaldi elektriko masiboa eta kazola-jotzea" deitu dute Herrialde Katalan, Galiza eta Euskal Herriko eragile politiko desberdinek; ERC, EHBildu, BNG, Junts, CUP, Més Per Mallorca eta Més Menorca eragileek hain zuzen, "argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka", urriaren 8an eta ordu erdiz, 22:00-22:30 artean. 

Deialdiarekin bat egin dutenen artean da Usurbilgo Udala. Udalak argitu duenez, ez du herri osoa argindarrik gabe utziko segurtasun arrazoiengatik. Ostegun honetako udalbatzarrean gai honi buruzko mozioa onartu zuen gehiengo osoz, EHBilduren babesarekin. EAJ abstenitu zen, PSE-k aurka bozkatu zuen.

Testuak "Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du". Horren aurrean, mozioak dioenez, "Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezko publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko". Horretarako, "Eusko Jaurlaritza/Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin".

Oposizioak ez zuen bat egin
EAJ-k onartu ez zen mozio alternatiboa aurkeztu zuen, albiste honetan beherago duzuena. "Demagogia- eta amorru-diskurtsoak zabaltzeaz harago, gure esku dauden ekimenekin jardun behar dugu. Irakurketa sinplista eta partzialetatik harago, eraikitzaileak izan behar dugu, eta ez ditugu baztertu behar ingurumen- eta energia-erronkari aurre egiteko bideak. Mota guztietako berriztagarriak (eta biltegiratze-soluzioak) areagotzea, parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne, eta energia aurreztea funtsezkoak dira Euskadiren subiranotasun energetikorako bidean", zioen jeltzaleen testuak.

PSE-k autokritika eginez ekin zion bere adierazpenei. Patxi Suarezen esanetan "PSOE-ren gobernu bat hasi zen elektrizitatea pribatizatzen". Nahiz bide horretan guztiz sakondu zuena zioenez, Aznarren eta PP-ren Espainiako gobernua izan. Azken aldian Sanchezen Madrilgo gobernuak hartzen ari den erabakiak defendatu zituen PSE-ren udal ordezkariak: "BEZ-a %21etik %10era murriztea, ia 30 kontsumitzailerentzat onuragarria", argindar hornidura eteteko debekua edota "bonu soziala" defendatu zituen, edota energia berriztagarrien aldeko apustua. Neurriok "ez dira aski agian" baina zioenez, ikusiko da "zerk funtzionatzen duen, zer aldatu behar den". 

Udalbatza osatzen duten alderdiek Madrilen duten ordezkaritza baliatuta, auzia "Madrilgo Parlamentuan" konpontzera deitu zituen, EHBilduren mozioaren aurka bozkatuko zuela iragartzearekin batera. 

Adierazpenoi erantzunez, EHBilduren udal gobernu taldetik, Beñat Larrañaga zinegotziak bitxitzat jo zuen PSOE-k argindar zerbitzuaren pribatizazioan izan duen "arduraz desmarkatzea". Gertatzen ari denarekiko "erremediorik ez jartzea" egotzi zion, argindarraren prezioa etengabe eta egunero gorantz doala ohartaraziz. EAJ-k eta EHBilduk duela bi urte alor honetan eragiteko 100 milioi euroko funtsa udalen esku jartzeko adostasuna gogorarazi zuen, bi urte beranduago "ez dago martxan". 

________________________________________________________________________


ONARTUTAKO MOZIOA
DESKONEKTATU ELEKTRIKETATIK: Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa!
Argindarraren prezio maximo historikoetan; fakturak igotzen; enpresa elektrikoak aberasten, herritarrak pobretzen eta Espainiako Gobernua hori baimentzen. Hori da, hain zuzen ere, herritarren aurka egiten ari den iruzur handiaren laburpena. Iruzur horrek ondorio larriak izan ditu familietan, enpresa txiki eta ertainetan edo denda txikietan. Gobernuek, politikariek, elektrikoek eta guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurra.

Haiek izan ziren, Espainiako Estatua gobernatu duten alderdiak, bai PSOE eta baita PP ere, enpresa publikoak pribatizatu, saldu eta desegin zituztenak, sistema desarautuz eta "merkatuaren" esku utziz. Administrazio Kontseiluek kontrolatzen eta manipulasen duten merkatuaz ari gara, bi alderdiotako presidente eta ministro obiezioni osaturikoa. Helburu bakarrarekin: energia bezalako funtsezko ondasun baten kontura aberastea.

Horrela eraiki zuten haien neurrira eginiko merkatu elektrikoa, energia merkeena garestienaren prezioan ordaintzera iristeraino. Argindarrarekin espekulatu eta manipulatzen dute merkatua, ura edo haizea bezalako ondasun publikoen bitartez. Oligopolioko enpresa handiek, Endesa, Iberdrola edota Naturgyk, milioi askoko irabaziak metatzen dituzte urtero, kontsumiltzaileei dirua lapurtzen eta ekoizleei lurraldeak ebazten dizkieten bitartean, ondorio sozial eta klimatiko oso larriak eraginez. Zerutik eroritako etekinak dituen sare oso bat osatu dute urteotan, argindar konpainietako akziodunen poltsikoetan amaitzen dena. Negozio biribila.

Egoera horren aurrean, eskandalu horri aurre egiteko neurri koiunturalak eta aldabakiak besterik ez ditu hartu Espainiako Gobernuak, iritzi publikoaren eta indar politiko subiranisten eta aurrerakoien presioak derrigortu duen arte. Eta enpresa handien onurei eragingo dien neurri bakarra hartu duenean, enpresa xantaia egin diote eta mehatxura jo dute; ez bakarrik Espainiako Gobernuari, baita argindarraren faktura merkatuko zaiela espero duten milaka herritarrei ere. Eliteen eta gehiengo sozial eta herrikoien arteko pultsu baten aurrean gaude, finean.

Bada, katalanek, euskal herritarrok eta galiziarrek, fronte komun bat osatu dugu gaur oligopolio energetikoaren mehatxuen aurka, Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egiturazko neurriekin aurre egiteko erakutsi duen borondate eta ekintza falta salatzeaz gain.

Izan ere, gure herrialdeek, Herrialde Katalanek, Galizak eta Euskal Herriak, ez dute iruzur elektrikoari eta horren erantzuleei aura egiteko beharrezkoa dugun subiranotasuna. Gure parlamentuak eta gobernuak Espainiako Estatuari lotuta daude, eta horrek hori guztia gertatzea ahalbidetzen du. Gaur-gaurkoz, merkatuan esku hartu ahal izateko, oligopolio elektrikoari aurre egiteko eta gobernuak ausardia faltagatik hartu nahi ez dituen neurriak martxan jartzeko tresna propioak ukatzen zaizkigu.

Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun energetiko eta politiza oztopo argi bat da gure herritarrak enpresek egiten dituzten gehiegikerietatik babesteko. Prezioei muga jartzea, arlo publikotik esku hartzea eta kontrolatzea eragozten digu horrek. Tarifa propioak, arau propioak, merkatu propioak eta, beraz, irtenbide propioak sortzea eragozten digu. Azken finean, publikoa zena berreskuratzea galarazten digu.

Gure herriek subiranotasun energetica ez izateak oso garesti ateratzen zaigu galiziarroi, kataloni eta euskal herritarroi. Bada garaia gure nazioen eraikuntzan ere burujabetzea energetikorantz aurrera egin dezagun, ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak izan ditzagun, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra errespetatzeko, oinarrizko ondasun eta eskubide gisa.

Hori dela eta, Usurbilgo Udalak honako hau adierazten du:
1- Espainiar estatuto enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du.
2-Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezko publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.
3-Eusko Jaurlaritza/Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.
4-Usurbilgo Udalak urriaren 8an, 22:00etatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazopla-jotzeko deialdiarekin bat egiten du.


EAJ-ren MOZIO ALTERNATIBOA
KONEKTATU ENERGIA TRANTSIZIOAREKIN
Trantsizio energetikoari aurre egiteko lanak – Nahiz eta termino hori garai hartan normalizatuta ez egon – Bultzatu zuen Eusko Jaurlaritza duela ia 40 urte Energiaren Euskal Erakundea sortzera. Petrolioarekiko mendekotasuna garrantzitsua zen, eta da oraindik ere. Ordutik, Euskadik energia berriztagarriak, eraginkortasuna eta baliabide propioen aldeko apustua bultzatzen ditu, energia-eredu berri baterako trantsizio-prozesu horri aurre egiteko.

Euskal gizarteak bere energia-eskaerari erantzun behar dio, eta euskal energia-ereduak gero eta jasangarriagoa den eredu baterantz migratzen jarraitzen du. Eredu horrek kalitatezko hornidura lehiakorra bermatuko du, berriztagarrien ekarpen gero eta handiagoan oinarrituta eta petrolioaren deribatuen erabilera minimizatuta. Herritarrak gero eta gehiago jabetzen dira klima-aldaketak dakarren erronkaren erantzule ere badirela. Honek, gaur egun, bultzada handia ematen die Euskadin energia demokratizatzeko eta ingurumenarekiko berme osoz egiteko egokitu ditzakegun politikei.

Euskadi energia-eskaera handiko herrialdea da, batez ere industria-izaeragatik, baina garraioa da energia gehien kontsumitzen duen sektorea (kontsumitzen den energia guztiaren % 43). Enpresek merkatu elektrikorako sarbidea behar dute, baldintza lehiakorretan, ekonomiaren zati handi bat eta kalitatezko enplegu asko horren mende daudelako.

Balantzaren beste aldean, beste errealitate bat dugu: energia gutxi ekoiztea. Horrek kanpora erostera behartzen gaitu, eta beste batzuek ezartzen diguten prezioan egitera. Autosufizientzia eta burujabetza energetiko falta horrek elektrizitatearen prezioari eragiten dio, gure etxeetako argi-fakturari, batez ere ahulenei, eta gure enpresei eta haien lehiakortasunari.

Euskadin gas propioa ez kudeatzeari buruz hartutako erabakiak gure energia-eskariaren prezioak gora egitea ekarriko du datozen hilabeteetan; izan ere, Araban daukagun gasa ekoizteari uko egin bazaio ere, EAEko familiek gas bat kontsumitzen dute, ondorioz, inportatu egiten da, horrek suposatzen duen  ekonomia- eta ingurumen-kostuarekin inportatzen da.

Demagogia- eta amorru-diskurtsoak zabaltzeaz harago, gure esku dauden ekimenekin jardun behar dugu. Irakurketa sinplista eta partzialetatik harago, eraikitzaileak izan behar dugu, eta ez ditugu baztertu behar ingurumen- eta energia-erronkari aurre egiteko bideak. Mota guztietako berriztagarriak (eta biltegiratze-soluzioak) areagotzea, parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne, eta energia aurreztea funtsezkoak dira Euskadiren subiranotasun energetikorako bidean.