#udalbatzarra

Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratzetik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 13:01

Mankomunitate berria eratzeko estatutuak behin betiko onartzea berretsi dute ostegun honetako udalbatzarrean.

Mankomunitaterik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra izateari utziko dio laster Beterri-Buruntzak. Eratze prozesu betean dira, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak. Estatutuak onartuak dituzte, baina tokian tokiko udalbatzarrek berretsi beharrak zituzten. Ostegun honetako osoko bilkuran aho batez onartu zituzten. Udal gobernu taldetik ohartarazi zutenez, udalerri guztiek berrespen hau onartu ostean deituko dute lehen eratze batzarra.

Batzar nagusi horretarako ordezkaritza ere izendatu du Udalak. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea eta Beñat Larrañaga Urdanpilleta zinegotzia izango dira. Haien ordezkoak Ainhoa Arrozpide Landa eta Lur Etxeberria Gurrutxaga hurrenez hurren. 

Gogoan izan, egitasmo honek bide luzea jorratu du. 2017ko urtarrilaren 27an lankidetza hitzarmena sinatu zuten aipatu sei udalek, "horren xedeetako bat izanik tokiko garapen, sustapen ekonomiko eta enplegu alorrean eskualde mailako egitura bat sortzeko azterketa egitea". Ordutik garapen agentzia baten bidez elkarlanean aritu dira. 2019an mankomunitatearen sorreran parte hartzeko konpromisoa hartu zuten sei udalek. Iazko martxoan estatutuen aurreproiektua onartu zuen Batzorde Kudeatzaileak. Ordutik estatutuen behin betiko onarpenerainoko tramitazio prozesua bideratu dute.